Glaukoma Sound System: «Reggae musikarekin sekulako festa sor daitekeela erakutsi nahi dugu»

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko maiatzaren 17a

Hilabetez Bonbereneako grabaketa estudioan lanean aritu eta gero, Glaukoma Sound System musika taldeak bihar gauean aurkeztuko du taldearen izen bera hartu duen lehen lana, Bonberenean bertan.

Glaukoma Sound System musika taldeko baxu jotzailea eta abeslaria dira, Asier Arandia (Tolosa, 1988) eta Juantxo Arakama (Tolosa, 1989) , hurrenez hurren. Taldearen izen bera daraman diskoa grabatu berri dute Bonberenea Ekintzak zigilupean, eta bihar aurkeztuko dute beren lehen lana, Bonbereneako oholtzan, 22:30etik aurrera.

Bihar disko berriaren aurkezpen kontzertua izango duzue. Eguna noiz iritsiko zain al zaudete? Urduritasunik?

Asier Arandia: Gogoa dugu kontzerturako, bai.

Juantxo Arakama: Bai, gogotsu gaude. Oraintxe bertan urduritasunik ez dugu, baina bihar beste kontu bat izango da... Diskoa grabatu ondoren, bospasei kontzertu eskaini ditugu jada, eta errepertorioa-eta nahiko argi ditugu kontzerturako.

Nolakoa izan da grabaketa prozesua? Noiz sartu zineten estudioan?

A. A.: Martxoko lehen egunetan hasi ginen grabatzen.

J. A. : Martxoko lehen astean grabatu genuen, eta... noiz bidali genuen guztia?

A. A.: Apirileko lehen astean guztia bidalita genuen jada.

J. A. : Bai, hilabetean egin dugu guztia: grabaketa, nahasketa, masterizazioa...

Bonberenean bertan egin duzue guztia, ezta?

J. A. : Bai. Karlos Osinaga Txapekin egin dugu guztia. Hilabetez aritu gara diskarekin, eta egia esan luze samarra egin zaigu. Normala da, lehen diska izanda; kontu hauetan esperientzia handiegirik ere ez dugu.

Pasa den udan argitaratutako Sputnik 11 bilduman parte hartu zenuten. Horrez gain, maketarik edo antzekorik ba al duzue aurretik?

J. A. : Ez, ezer ez genuen grabatu horren aurretik. Izaskun auzoko festetako abestia grabatu genuen, eta Sputnik 11ko bi kantuak ere bai, gero. Horrek e zigun sekulako esperientziarik eman, baina estudiora sartzerakoan, ezagunagoa egin zaigu guztia.

Eta nola sortu zen Glaukoma Sound System? Duela zenbat urte?

J. A. : Ba gure lehen kontzertua duela bi urte izan zen hain zuzen, maiatzaren 15ean. Otsabiko lokaletan eskaini genuen saio hura, eta egia esan, gutxi prestatutako kontzertu bat izan zen. Esperimentuak funtzionatu zuen, hala ere. Nola sortu zen hura? Nik bi mutil donostiar ezagutzen nituen, gitarra jotzaileak biak, eta batek nirekin ikasi zuen batxilergoa. Beste talde batean aritzen ziren, eta reggae-a ez zen beste estilo batean aritzen ziren arren, gustuko zuten. Pixkana, abesti pare batekin proba egiten hasi ginen. Noizean behin geratzen ginen, edo kalean abesten genuen. Eta behin, Arandiarekin geratu ginen, baxuarekin ere proba egiteko. Irungo bateria jotzaile batekin ere hitz egin genuen azkenean, eta horrela sortu zen taldea.

Eta maiz elkartzen al zarete entseguak egiteko?

A. A.: Hasiera hartan, lehenengo kontzertua baino bi hilabete lehenago egin genuen gure lehen entsegua.

J. A. : Orain, astean behin edo bitan elkartzen gara. Kontzerturik ez dugun astean bi entsegu-edo egiten ditugu, eta bestela, behin elkartzen gara.

Zuen lehen lanak taldearen izen bera hartu du. Zenbat abesti entzun ahal izango dira diskoan?

J. A. : Zazpi abestik osatzen dute diskoa. LP formatuan edo biniloan argitaratuko dugu. Biniloak muga hori du, 42 minutukoa, eta hortik dator zazpi kantu sartzearena. Hiru abesti erabat berriak dira, eta besteak kontzertuetan jo izan ditugu; guretzat osoena diren zazpi kantuak aukeratu ditugu, eta modu naturalean aukeratu, gainera.

Eta abestiak sortze horretan, gaiak aukeratu egiten al dituzue, adibidez, aldarrikapenen bat egiteko?

J. A. : Disko honetan, aldarrikapena ez da, agian, hemen ikustera ohituak gauden aldarrikapen horren antzekoa; ez dago panfleto-aldarrikapenik edo aldarrikapen propagandistikoegirik. Hala ere, lanak badu aldarrikapenetik ere. Adibidez, marihuanaren kontua beti aipatzen dugu; sexuen arteko desberdintasunak ere hizpide dira; komunikabideak ere salatzen ditugu diskoan; eskopetarien kontua ere salatzen dugu; gure gizarteak dituen tradizioei buruz ere ariko da diskoa, baina tradizio moduan ulertuta, ez ohitura moduan. Aldarrikapen politiko eta sozialaz haratago ere izango da besterik diskan, bide poetikoagoetatik doana.

Nola definituko zenukete egiten duzuen musika estiloa?

J. A. : Rap-reggae egiten dugu, argi eta garbi.

J. A. : Gero eta garbiago, gainera. Duela urte bete gauza bera galdetuz gero, arazoa izango genituen definitzeko. Baina uste dut, orain guztiok argi dugula nondik goazen.

Orain arte Tolosan eskaini izan dituzuen kontzertuetan, harrera ona izan duzue. Bihar ere erantzun ona espero duzue, ezta?

J. A. : Bai, ea zorterik dugun.

A. A. : Gainera, etxean izanda, lagun eta ezagun guztiak etorriko direla badakigu.

J. A. : Noski. Bonberenea beti da Bonberenea, eta azken finean, Tolosan joko dugu. Egia da, honi dagokionez zorte handia izan dugula. Martxoaz geroztik ez dugu hemen emanaldirik eskaini, eta orain diskoaren kontuarekin, ea jendea bertaratzen den.

Hemendik kanpo ere aritzen zarete, ordea. Agenda betea al du taldeak?

J. A. : Udari begira, oraindik ez dakigu ondoegi zer etorriko zaigun.

A. A. : Orain ibili gara hemendik kanpo kontzertuak eskainiz, apirilean eta orain.

J. A. : Orain, biharko kontzertua eta datorren astean Villabonako Onddo Rock-en eskainiko duguna ditugu. Ekainean geratu egingo gara, eta gero ikusiko dugu uda nola etortzen den.

Bihar, beraz, diskoa eskuragarri izango da Bonberenean bertan.

J. A. : Bai, 10 euroren truke biniloa eta CDa eskainiko ditugu, bai baitakigu jende guztiak ez duela LPa erreproduzitzeko aparailurik. Eta kontzertuak luzerako emango duela nabarmendu nahi dugu. Gure asmoa hori da; musika estilo honi zerbait aporta badiezaiokegu, hori erakustea, bereziki Tolosan. Reggae musikarekin sekulako festa sor daitekeela erakutsi nahi dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!