Manu Azkaratek maiatzaren 29an jasoko du epaia

Ataria 2012ko maiatzaren 16a

Atzo egin zioten epaiketa Manu Azkarate tolosarrari Paueko epaitegian, eta maiatzaren 29an jakinaraziko diote epaia. Espainiako epaitegietatik egindako estradizio eskaera dela-eta egin zioten epaiketa Azkarateri. Tolosarrak bere aurkako akusazioak gezurtatu ditu epaiketan, hitza hartu ahal izan baitu. «Ni ez naizela klandestinitatean bizi azaldu dut. Euskal Herrian bizi naizela eta lokalizatuta eta identifikatuta nagoela eta ez naizela ezkutuan bizi», esan zuen atzo tolosarrak, epaitegitik atera ondoren.

Manu Azkarate Frantziako poliziak martxoaren 7an atxilotu zuen, Ziburun, euroagindu baten harira. Preso ohia kontrol judizial pean aske geratu zen egun berean. 2004az geroz, kontrol judizial pean bizi da tolosarra. Baldintza guztiak ez errespetatu izana leporatzen dio Espainiako Justiziak.

Pauen egindako epaiketan, fiskaltzak estradizioaren aldeko jarrera erakutsi zuen. Bestalde, Azkaratek azaldu zuenez, bere osasun egoerari «garrantzia kentzen» saiatu zen fiskaltza, txosten medikua aintzat hartu gabe. Tolosarrak esan zuenez, ospitalean eman zioten azken alta agiria erabili zuen fiskaltzak, ondo dagoela argudiatzeko: «Ospitalearen alta erabili du, tranpa eginez, nire egoera larriari kasu egin beharrean, ondo nagoela esateko, bizimodua espetxean egiteko moduan nagoela gaineratuz».

Azkaratek epaiaren berri fax bidez jasoko du ziurrenik, eta erabakia estradizioaren aldekoa bada, helegitea jarriko du. Horren ostean ere kontrako epaia jasotzen badu, beste helegite bat jartzeko aukera izango du, baina bitartean estradizioa gauzatu daitekeela esan zuen tolosarrak.

Tolosarrak hainbat lagunen elkartasuna jaso du. Batetik, zenbait lagun joan ziren Pauera babesa ematera. Bestetik, Gernikako Akordioaren sinatzaileek deituta, atzo elkarretaratzea egin zuten 50 pertsona inguruk Tolosako Trianguloa plazan, Azkarateren aurkako epaiketa salatzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!