Bederatzi begiratoki berri jarri dituzte Tolosan, historian barrena ibiltzeko

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko maiatzaren 16a

Tolosako historia hobeto ezagutzeko baliagarriak izango diren bederatzi informazio panel jarri ditu Tolosako Udalak, herriko hainbat lekutan. 2009 inguruan, udalak herriko ondare arkitektoniko eta historikoari balio handiagoa emateko martxan jarri zuen proiektua osatuko dute panel berriek. Berrikuntzarik nabarmenena paneletako QR kodeena izango da, bisita gidatuekin batera.

Hasier De los Rios zinegotziak, udaren etorrera nabarmendu zuen aurkezpen agerraldian: «Turismoari begira jarri ditugu panelak, besteak beste, eta ibilbide historikoak egiteko aukera izango da».

Era berean, paneletan jarri dituzten QR kodeak ere nabarmendu nahi izan zituen De los Riosek: «Bisitariek, beren mugikorrak marra zuri eta beltz horietara bertaratu, eta udalaren webgunetik informazio osagarria jaso ahal izango dute».

Tolosako Ingurumen Zentruko Juan Unzuetak, berriz, panel berrien aitzakian antolatu dituzten bisita gidatuak izan zituen hizpide aurkezpenean. Batetik, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleentzako bisitak antolatuko ditu TIZek, eta baita euskaltegietako, helduen eskoletako eta antzeko taldeentzat ere. 08:00etatik 14:00etara egin ahal izango dira aipaturiko bisitak, eta 943 65 25 44 telefonora deituz nahiz www.tolosakoiz.net helbidean zehaztu ahal izango dira hitzorduak. Helduentzako taldeen bisitez, berriz, turismo bulegoko langileak arduratuko dira.

Bederatzi txoko historiko

Guztira, bederatzi begiratoki berri izango dira Tolosan, jarritako panel berriekin. Batetik, Zerkausia, Nafarroako Zubia nahiz Idiakez jauregiaren nondik norakoak azalduko dituen panela jarri dute begiratoki moduan, eta garai bateko harresiaren barrualdeaz ariko da.

Harresitik kanpo, Santa Klara komentua eta Igarondoko paper fabrikaren iragana ezagutu ahal izango dute bisitariek beste panel baten bidez. Era berean, Arrameleko zubitik azalduko du beste panel batek, XVIII. mendean Tolosatik pasatzen zen errege bidea ere.

Bideez harago, plazek ere beren lekua izango dute ibilbide historiko honetan, eta Plaza Berriak mendeetan zehar izan duen bilakaera azalduko du bertan jarri duten panelak. Garai bateko Tolosa inguratzen zuen harresiaz ariko da Trianguloa plazako panela, eta San Frantzisko pasealekua hiribilduaren lehen zabalkundea izan zela ere azalduko du beste panel batek.

Azkenik, Arkaute parkean zegoen La Esperanza paper fabrika, fabrikek Oria ibaian izan zuten eragina, Iurreamendi egoitza nahiz Tolosaren hazkuntza ere hizpide izango dituzte informazio panel berri hauek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!