Tolosako Larramendi auzoaren etorkizunari buruzko kontsulta egingo da ekainaren 16an, eta bien bitartean egingo den prozesuan parte hartzeko eskatu die Ibai Iriarte alkateak auzotarrei. Kontsultaren aurretik aurreikusita dauden bi batzarretatik lehena egin dute Topic zentroan. Udalak Larramendi «auzo bizia» izatea nahi duela esan du Iriartek, «auzo izaera izango duena, auzo elkarte dinamiko batez osatua, logune batetik haratago».
Batzarrean aurrerantzean egingo diren ekimenak azaldu dituzte. Hala, datorren astean bilerak eta bisita gidatuak egingo dituzte auzoan bertan. 25 pertsonako taldeak egingo dituzte eta ez da izenik eman behar saioetan parte hartzeko.
Zenbait kezka ere jarri dira mahai gainean batzarrean. Esaterako, udalak bultzatu duen proiektua zehatzago jakitea eskatu du herritarrek batek . Bestalde, auzoko merkatari batek obrek zenbat iraun ahal duten galdetu du. Kontsultan zein galdera egingo den ere eztabaidagai izan da. Kezka horiek jaso dituztela esan dute alkateak eta prozesua dinamizatzen ari den aholkularitza taldeko kideek, eta erantzuna emango zaiela gaineratu dute. Bestalde, batzarrean auzoari buruzko bi proiektuak erakusten dituen argitalpena banatu dute.