Maiatzaren 29an jasoko du Manu Azkaratek epaiaren berri

tolosa 2012ko maiatzaren 15a

Gaur goizean egin diote epaiketa Manu Azkarate tolosarrari Paueko epaitegian, eta maiatzaren 29an jakinaraziko diote epaia. Espainiako epaitegietatik egindako estradizio eskaera dela-eta egin diote epaiketa Azkarateri. Tolosarrak bere aurkako akusazioak gezurtatu ditu epaiketan, hitza hartu ahal izan baitu. "Ni ez naizela klandestinitatean bizi azaldu dut. Euskal Herrian bizi naizela eta lokalizatuta eta identifikatuta nagoela eta ez naizela ezkutuan bizi", esan du tolosarrak.

Manu Azkarate Frantziako poliziak martxoaren 7an atxilotu zuen, Ziburun, euroagindu baten harira. Preso ohia kontrol judizial pean aske geratu zen egun berean, bere Espaniaratzea aztertzeko auzia ebatzi bitartean. 2004az geroz, kontrol judizial pean bizi da tolosarra. Baldintza guztiak ez errespetatu izana leporatzen dio Espainiako Justiziak.

Gaur Pauen egindako epaiketan, fiskaltzak estradizioaren aldeko jarrera erakutsi du, Espainiak bidalitako dokumentazioa errepikatuz. Bestalde, Azkaratek azaldu duenez, bere osasun egoerari "garrantzia kentzen" saiatu da fiskaltza, txosten medikua aintzat hartu gabe. Tolosarrak esan duenez, ospitalean eman zioten azken alta agiria erabili du fiskaltzak, ondo dagoela argudiatzeko: "Ospitalearen alta erabili du, tranpa eginez, nire egoera larriari kasu egin beharrean, ondo nagoela esateko eta bizimodua espetxean egiteko moduan nagoela gaineratuz".

Azkaratek epaiaren berri fax bidez jasoko du ziurrenik, eta erabakia estradizioaren aldekoa bada, helegitea jarriko du. Horren ostean ere kontrako epaia jasotzen badu, beste helegite bat jartzeko aukera izango du, baina bitartean estradizioa gauzatu daitekeela esan du tolosarrak. Tolosaldetik zenbait lagun joan dira Pauera babesa ematera Azkarateri. Gaur, 19:00etan, elkarretaratzea deitu dute Gernikako Akordioaren sinatzaileek Tolosako Trianguloa plazan.

Manu Azkarateri egindako elkarrizketa

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!