Salgai dira jada, aurtengo Bisiguaren Festako txartelak

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko maiatzaren 15a

Datorren ekainaren 15, 16 eta 17an izango da jaia, eta aurten otorduak Tolosako Txinparta elkartean izango dira

Beste urte betez, Bisiguaren Festa antolatu du Tolosako Txinparta elkarteak, eta bazkari eta afaritarako txartelak eskuragarri dira, gaurtik aurrera, Tolosaldea Tour-en. 943 69 74 13 telefono zenbakira deituta, nahiz tour@tolosaldea.net helbide elektronikora idatzia eros daitezke txartelak.

Orioko Katxiña, Xixario eta Jose Mari erretegietako parrileroak izango dira, laugarren urtez, bisiguak prestatzeaz arduratuko direnak, eta Txinparta elkarteko kideek azaldu dutenez, arrainen zaporeez gozatzeaz gain, hainbat ekitaldi ere antolatuko dituzte. Ostiralean, ekainaren 15ean, afaria eskainiko dute; larunbatean, berriz, bazkaria eta afaria izango da, eta igandean, bazkaria eskainiko dute.

Aurtengo bazkari eta afarietako menuak 40 euroko prezioa izango du, eta honakoa eskainiko dute: antxoak gatzetan, tomate entsalada hegaluzearekin, zainzuriak, bisigua parrillan, “bixigoxo” postrea, eta azkenik, edariak eta kafea. Nabarmentzekoa da, aurtengo bazkari eta afaria ez direla Zerkausian izango; Txinparta elkartean bertan eskainiko dituzte otorduak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!