Bateragune auziaren epaiaren aurkako elkarretaratzea egin dute, eskualde mailakoa, Tolosan. Gernikako akordioa izenpetu zuten eragile politiko, sindikal eta sozialek deitu dute elkarretaratzea, Prozesuaren aurkako epaiketarik ez, konponbide garaia da lelopean. Espainiako Auzitegi Gorenak Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaletaren aurka ezarritako zigorra, Euskal Herrian zabaldutako bake eta normalizazio prozesuak jasandako lehenengo "erasoa" ez dela esan dute elkarretaratzean parte hartu dutenek. "Bakegileak atxilotzen eta espetxeratzen dituen estatuak bakerik nahi ez duela argi eta garbi adierazten du", azaldu dute, eta "estatuaren indarkeriaren aurrean bake eta normalizazio prozesuaren aldeko ahaleginak indarberritzeko deia" egin dute.
Bestalde, Manu Azkarate tolosarraren estradizio eskaera gogoan izan dute. Hilaren 15ean, asteartean, epaituko dute Azkarate Pauko epaitegian. "Eraso honen aurrean ere atera beharra dugu", esan dute eta egun horretan elkarretaratzea deitu dute, 19:00etan, Tolosako Trianguloa plazan.