Herri bazkariak luzatuko du aurtengo alardearen jaia

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko maiatzaren 11

Aurten bigarrenez ospatuko duten Tolosako alarde napoleonikoaren jaia, Zerkausian antolatu duten herri bazkari batek luzatuko du. Era berean, duela hilabete batzuk zendu zen Antxon Bandres gogora ekarriko dute.

Andia kultur elkarteak iaz antolatu zuen, lehenengoz, 1813ko Tolosako gudua antzezteko alardea. Urte hartako ekainaren 25ean izan zen gertakaria, eta 24 ordu iraun zuen gudu hartan, soldadu gipuzkoarrez gain, frantsesak, ingelesak, espainiarrak, portugaldarrak, italiarrak nahiz alemaniarrak izan Tolosan.

Hau guztia gogora ekartzeko, Andia kultur elkarteak alardea antolatuko du bigarrenez, Tolosako Udalaren laguntzaz. 150 parte hartzaile elkartzea espero dute antolatzaileek, izan ere, Tolosako Musika Banda eta Donostiako Urgull, Gastronómica eta Kañoietan elkarteetako kideek ere parte hartuko dute ospakizunean.

Bazkaria ere napoleonikoa

Bigarren alarde napoleonikorako, Andia kultur elkartekoek hainbat jardueren bitartez berrikuntzak txertatu dituzte ekainaren 3ko egitarauan.

Alde batetik, garaiko anbulantzia bat izango da alardean, garaiko jantziekin. Horrez gain, ordea, herri bazkaria antolatu dute Zerkausian. Alardeko parte hartzaileez gain, bisitari eta ikusleek ere bazkarira joan ahal izango dute. Izan ere, turismoari begira jarri da aurtengo alardea: Tolosaldea Tour-ekin eta Zumalakarregi museoarekin elkarlanean, alardearen azalpen historikoa, hamaiketakoa, bazkaria eta Alde Zaharreko bisita gidatua eskainiko dituzte ekainaren 3rako, 35 euroren truke.

Aipatzekoa da, bazkariko menua berezia izango dela, eta musika zuzenean izango dela otordu osoan zehar, Andia kultur elkarteko kideek eskainiko dituzten parodia napoleonikoekin batera.

Ospakizunetik afiziora

Iazko alardea egin eta gero, guduak antzezteko talde bat sortu zuten Andia elkarteko hainbat kidek: «Talde hauetan parte hartzeko arrazoiak hainbat dira; batzuei mozorrotzea gustatzen zaie, besteei guduak gustatzen zaizkie, eta beste batzuek historiarekiko interesagatik egiten dute», azaldu zuen Andiako kide batek.

Talde honekin, Espainiako bi guduren antzezpenetan parte hartu dute jada: Astorgan izan ziren (Leon, Espainia), eta maiatzaren 2ko Madrilgo gudua antzezten ere izan ziren batzuk, Lermako (Burgos, Espainia) talde batekin batera.

Honen harira, Andiako kideek Europan zehar guduen antzezpenek duten garrantzia eta interes turistikoa nabarmendu nahi izan zuten. Waterloo-ko guduaren errepresentazioak ia 3.000 lagun biltzen ditu parte hartzaileen artean, eta 2015ean bertan izan nahi dute Tolosako taldekoek.

 

Tolosako II. Alarde Napoleonikoa

Ekainak 3, igandea

10:45. Parte hartzaileak Nafarroako zubiko bisitaldi gidatua egiteko elkartuko dira. Ramon Labaienek eta Jose Antonio Rekondon Tolosako guduaren azalpena eskainiko dute, eta ondoren hamaiketakoa egingo dute Zerkausian.

12:00. Ikuskizuna hasiko da. Musika eskola parean armak ikuskatuko dituzte, eta desfilea abiatuko da. Euskal Herria plazan nahiz Trianguloak tiroketak egingo dituzte.

13:00. Bethooven-en Batalla de Vitoria obra eskainiko du Tolosako Musika Bandak, eta Nafarroako zubian Tolosako guduaren antzerkia egingo dute parte hartzaileek.

14:00. Tropek azken desfilea egingo dute.

14:30. Herri bazkaria izango da Zerkausian. Menu berezia, musia eta hainbat parodia izango dira.

17:00. Alde Zaharreko kaleetan barrena bisitaldi gidatua eskainiko dute. Arreta berezia jarriko diete, inbasioan garrantzia berezia izan zuten eraikinei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!