Olatu Talka ekimenarekin bat egingo du Tolosak, larunbatean

Imanol Garcia Landa 2012ko maiatzaren 9a

Donostia 2016an Europako kultur hiriburua izango da eta horren harira sortu dute Olatu Talka ekimena. Egitasmo hori Gipuzkoa osora zabaltzeko proposamena egin dute Donostiako Udaletik, eta Tolosan bat egin dute asmo horrekin. Hala, datorren larunbaterako Sukal Talka bazkaria, Gainditzen elkarteak antolatutako zeinu hizkuntzan egindako bakarrizketa eta Box.A elkarteak antolatutako hiri baratzeei buruzko tailerra egingo dira.

Hain zuzen, lehenengo ekimena hiri baratzeen tailerra izango da. Box.A elkarteko Miren Mendizabalek azaldu duenez, tailerrak bi zati izango ditu: «11:00etan David Juarez arkitetoak hitzaldia emango du kultur etxean espazio publikoen berreskuratzeen inguruan. Jarraian, hitzaldian esandakoa praktikan jartzeko zabor edukiontziak moldatuko ditugu baratze mugikorrak sortuz». Tailerrak jarraipena izango du hilaren 19an. Izan ere, edukiontzi horien erabilpen egokia bultzatzeko asmoz, Iñigo Segurola paisajistak tailerra emango du Box.A elkartearen egoitzan. Azken tailer horretan parte hartzeko eta ekimenaren berri gehiago izan nahi duenak gu@boxagara.com helbidera idatzi dezake.

Bertako produktuak

Hiri baratzeen tailerra eta gero Sukal Talka bazkaria egingo da, 14:00etan hasita, bi guneetan: Trianguloa plazan eta Plaza Zaharrean. Kontsumo taldeak, bertako baserritarrak eta hainbat sukaldari ari dira parte hartzen ekitaldiaren antolakuntzan.

Kike Zinkunegik hitz egin du kontsumo taldeen izenean eta Sukal Talka bazkariaren ideia nola sortu den azaldu du: «Roberto Ruiz sukaldaria eta bere taldea kontsumo taldeekin harremanetan jarri zen, bertako produktuekin herri bazkari bat egiteko asmoz». Bazkariarekin lortu nahi diren hiru helburu zerrendatu ditu Zinkunegik, eta horiekin kontsumo taldeek ere bat egiten dutela azaldu du. Alde batetik, bertako produktuak bultzatu nahi dira, «garaian garaikoak eta kalitatezkoak» direlako.  Bestalde, baserritarren lana goraipatu eta indarra eman nahi diete. Azkenik, salmenta zuzena bultzatzen duten ereduak indartu nahi dituzte. «Tolosako azoka hor dugu, altxor preziatua, eta bestetik, orain sortzen ari diren kontsumo taldeak». Larunbateko bazkariak helburu horren isla izan nahi duela azaldu dute.  «Zerbait familiarra egitea nahi dugu», gaineratu du Zinkunegik.

Bazkariaren salneurria bost eurokoa izango da. «Prezio juxtua izango da. Baserritarrek azokan saltzen duten prezioan ekarriko dituzte produktuak eta kasu honetan bitartekariak kendu egiten dira. Sukaldarien lana musutruk da, eta beraz aipatu behar da elkarlanean egindako lana dela. Mahaia eta aulkiak udalak jarri ditu», esan du Zinkunegik. Bazkaltzera doan pertsona bakoitzak eraman behar du behar duen guztia: platera, mahai tresnak, ezpainzapiak, edalontziak, eta aparteko edatekoa. «Eraman eta jaso egin beharko ditu», esan du Zinkunegik, «beste helburua ahalik eta zabor gutxiena produzitzea izango baita». Bazkarian izena emateko Tolosaldea Tour-ekin jarri behar da harremanetan, 943 69 74 13 zenbakira deituz edo www.tolosaldea.net helbidean sartuz.

Sukaldarien aldetik, Ruth Selby, Elisha Ben-Haim eta Roberto Ruiz izan dira aurkezpenean. Selbyk azaldu duenez, bazkariaren izarra «bertako produktua izango da, eta baita produktoreak ere, sukaldariak ez baikara ezer oinarrizko produktuei gabe». Entsalada, patata berriak, baba eta baratxuriekin, Kantauriko antxoak, yogurta, ogia eta ura izango dira menduan. «Ahal den manipulazio gutxiena eginez prestatuko dugu bazkaria», azaldu du Selbyk. Bestalde, sukaldariek azken prestaketak bazkaltzeko gunean bertan egingo dituzte.

Ekoizleen aldetik Gregorio Zuaznabarrek hitz egin du. «Guretzat garrantzitsua da horrelako ekimen batean bertako produktuak eta produktoreak aintzat hartzea», azaldu du Zuaznabarrek.

Gorrak ikustaraztea

Bazkaldu eta gero, 15:30ak aldera, Gainditzen Tolosaldeko Gorren Elkarteak zeinu hizkuntzan egindako bakarrizketa antolatu du. Julian Rodriguez izango da bakarrizketalaria, eta aurkezpenean azaldu duenez, «oso pozik» dago ekimenean parte hartzeagatik. Bakarrizketaren bidez, «gorren elkartea eta zeinu hizkuntza ikustaraztea» nahi dute, «entzulea den gizarteak ikus dezan hor gaudela». Rodriguezek parodia bat egingo du, entzuleen eta gorren artean konparaketa batzuk eginez.

Edurne Mendia Tolosako Udalaren Kultura zinegotziak azaldu duenez, ekimena Donostiako Udalarekin «lankidetza polita» sortzeko eta, aldi berean, «Tolosara begira bertako eragileek lan bat batera egiteko eta harreman horiek sustatzeko» erabili da. «Udalak bitartekaritza lana egin du», azaldu du zinegotziak: «Proposamena bertako taldeei zabaldu zaie eta gero zuzenean egin dira eragileen arteko harremanak». Proposamen asko izan direla nabarmendu du Mendiak. «Nahiz asko bertan behera gelditu, gehienbat denbora faltagatik, aurrera begira horiei heltzeko aukera izango da», zehaztu du zinegotziak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!