Parte hartze prozesua martxan jartzearen arrazoiak azaldu ditu Iriartek: «Denok dakizue Larramendi auzoan gaur egun errepidea lurperatu edo ez lurperatzearen inguruko eztabaida eta iritzi desberdinak daudela. Erabaki horrek auzoaren etorkizuna baldintzatuko du eta horregatik, Larramendin aspalditik bizi diren, bizitzera etorri berri diren eta etorriko direnentzat parte-hartze prozesua eta galdeketa zuzena egitea onartu du Tolosako udal gobernuak».
Iriarte alkateak gaineratu duenez, «Larramendiko auzotarrek izango dute azken hitza eta beraien bozkak erabakiko du urbanizazio proiektua». Konpetentzia berez udalari dagokiola gogorarazi du: «Udalak du hori definitzeko eskumen osoa, baina behin eta berriz esan bezala auzotarrak aktibatu nahi ditugu».
Legegintzaldia hasterakoan, lehendik martxan zeuden proiektuei jarraipena egiten hasi zirela esan du. «Tartean Larramendi urbanizazioaren proiektua zegoen, ikuspegi teknikotik egokia ez zena», zehaztu du Iriartek. Beste proiektu mota bat landu dutela esan du, «babes tekniko gehiagorekin». Beraz, egun, bi urbanizazio proposamen daude mahai gainean. Batean, Larramendi errepidea lurperatu egingo da. Bestean, aldiz, lurperatzerik ez da egingo eta 2,5 milioi euro daude bertan inbertitzeko.
Udal gobernuarentzat argi dago «zein den proiekturik egokiena, baina argi daukagu era berean egiazko parte hartze zuzenean sinesten dugula eta horregatik auzotarrek zer esana badutela iruditzen zaigu, eta esan dugun moduan, Larramendiko auzotarrek izango dute azken hitza», esan du Iriartek.
Prozesua bideratzeko aholkularitza teknikoa kontratatu dutela azaldu du alkateak, eta talde eragile bat osatu dutela udal teknikoekin eta lureratzearen alde eta kontran dauden auzotarrekin. Bestalde, argitalpen bat egin dute, «ahalik eta objektiboena», esan du alkateak: «Bertan bi aukeretan dauden elementu garrantzitsuenak eta beraien arteko desberdintasunak argitzen saiatu gara».
Horrez gain, hainbat informazio eta baliabide jarriko dituztela azaldu dute. Hala, batzar irekiak eta bilera eta bisita gidatuak antolatu dituzte. «Bisita gidatuen bidez aukera baten zein bestearen mugak, kaletik bertatik ikusi eta aztertu ahal izango dira», zehaztu du Iriartek, eta parte hartzeko deia egin die herritarrei, «denen artean erabaki eta etorkizuneko auzo dinamika bat sortuz». Prozesuaren hurrengo pausoa datorren astelehenean egingo den batzar irekia izango da, Topic zentroan, 19:00etan. Bertan, ekainaren 16an egingo den galdeketa bitarte irekiko den fasea aurkeztuko dute.
Hurrengo pausoak
Parte hartzearen prozesuaren berri eman du Agurtzane Loidik. Talde eragileak martxan jarraituko duela azaldu du Loidik, eta taldearen lehen lana «bi proposamenak azaltzen dituen publikazioa modu objektiboenean egitea» zela zehaztu du. «Publikazio hau herri guztian ere banatuko da, azken hitza auzoan egon arren herri guztiari eragiten baitio», esan du Loidik. Talde hori prozesuaren segimendua egiten ari da eta bukatu arte jarraituko du lanean.
Asteleheneko batzar irekiaren ondoren, bilera eta bisita gidatuen txanda izango da. «Bi orduko bilerak bisita gidatuarekin batera egingo dira», esan du aholkulariak. «Bilera bakoitzean, batetik, auzoaren egungo egoera, dauden aukerak eta hauen inplikazioak aztertuko dira; bestetik, auzoan bisita gidatuak egingo dira. Bai bileretan, bai bisitetan kanpoko aholkularitza eta hirigintzako udal teknikariek hartuko dute parte». Auzotar bakoitzak aukeratuko du bilera-bisitaren ordua eta eguna. Saio bakoitza 25 lagunentzat izango da.
Bilera guzti horien ondoren, bigarren batzar irekia egingo da, ekainaren 6an. Azkenik, kontsulta ekainaren 16an egingo da. Loteslea izango dela esan dute, hau da, udal gobernuak emaitza errespetatuko duela, eta parte hartuko dutenek bete beharreko baldintza zehaztu dute: Larramendin erroldatutako 18 urtetik gorako auzotar guztiak.
Auzotar guzti horiek gutun bat jasoko dute etxean, eta hori bozketa egunean aurkeztu beharko dute ziurtagiri moduan. Hau gabe, ezingo dute bozkatu.
Bozketa egunean mahaiak jarriko dituzte auzoan goiz zein arratsaldez. Bozketaren ostean kontaketa publikoa egingo da.
Asier Izagirre auzotarrak azaldu duenez, «lehen aipatu den argitalpena prestatzen aritu gara eta aukera biak ahalik eta objektiboenak aurkezteko lana egin dugu». Auzotar guztiek auzoaren etorkizuna erabakitzeko eskubidea dutela esan du eta antolatu diren bilera-bisitetan parte hartzea «garrantzitsua» dela dio, «bi aukeren informazioa jaso eta baita ondoren bakoitzak pentsatzen duenaren arabera bozkatzeko».
Parte hartze prozesuaren datak
Maiatzak 14, astelehena
19:00. Batzar irekia Topic zentroan.
Maiatzaren 22tik ekainaren 2ra
Bilerak eta bisita gidatuak. 25 laguneko taldeak osatuko dira eta bi orduko saioak izango dira. Maiatzaren 22an, 24ean 29an eta 31n ordu hauetan izango dira: 09:30, 15:00 eta 19:00. Maiatzaren 26an eta ekainaren 2an ordu hauetan: 09:00, 11:00 eta 13:00.
Ekainak 6, asteazkena
19:00. Batzar irekia Topic zentroan.
Ekainak 16, larunbata
Kontsulta loteslea. Goiz eta arratsaldez egingo da auzoan jarritako mahaietan.