Bigarren urtea du profesionaletan Lander Lasak (Tolosa, 1988). Biak Lagun Aro GBC taldean egin ditu, aurretik talde berarekin urtebetez entrenatzen aritu ondoren. Denboraldi historikoa egiten ari da Gipuzkoako saskibaloi taldea: Koparako eta ACB ligako play off-etarako lehen aldiz sailkatu da historian. Ligan bosgarren sailkatu dira, eta beraz, laugarrenaren aurka, Valencia Basket taldearen aurka jokatuko du play off neurketa. Hilaren 18an kanpoan dute partida, eta hilaren 20ean etxean. Berdinketa izanez gero, hirugarren partida erabakiorra hilaren 22an jokatuko dute, kanpoan.
Nola ari zarete bizitzen denboraldi berezi hau aldagelan?
Duela bost edo sei hilabete ligako azkenak ginen. Pixkana irabazten hasi ginen eta Koparako sailkatu ginen, eta hortik aurrera egunerokoa eta entrenamenduak askoz errazagoak izan dira. Orain, Valenciaren aurka dugu play off neurketa, eta ea aurrera egiten dugun.
Hasiera ez bazen ona izan ere, gero partida asko irabazi zenituzten jarraian.
Bederatzi partida segidan irabazi genituen eta Bartzelonaren aurka galdu eta gero, beste bost partida irabazi genituen jarraian. Horrek indarrak ematen dizkizu. Partidak galtzen dituzunean entrenamenduak gogorragoak dira, joateko gogo gutxiago duzu eta jokalarien arteko harremanak tentsio handiagokoak dira. Aurten entrenatzaile berria eta jokalari berriak etorri dira, eta entrenatzaileak eskatzen ziguna ulertu genuenean, eta familia giroa sendotu zenean, etorri ziren garaipenak. Entrenatzaile berriak defentsa lana areagotu zuen eta hori bereganatu genuenean etorri ziren emaitza hobeagoak.
Denboraldia borobila izan dela esan daiteke, play off-etan gertatzen dena kontuan hartu gabe.
Hala da, bai guretzako eta bai Illunbera etortzen diren zaleentzako. 19 garaipen lortu ditugu, taldeak inoiz lortu duen kopuru handiena. Bai Koparako eta baita play off-etarako sailkatzea talde honentzako aurrerapauso handia da. Espero dut ere Donostiak diru gehiago ematea taldeari, datorren urtean ziurrenik Europan jolastuko dugulako. Taldearentzat urte historikoa izan da eta Illunbera bederatzi mila pertsonatik gora etorri dira azkeneko partida gehienetan. Guretzako zaleen animoak oso garrantzitsuak dira.
Zaletu kopurua ere handitu egin dela nabarmena izan da, ezta?
Aurten, aurreko denboraldiak ikusita eta Pablo Laso entrenatzailea joan ondoren, jende askok bazkide izateari utzi zion. Hasieran nahiko hotza izan zen giroa, betiko jarraitzaile taldeen animoak kenduta. Garaipenak etorri ahala eta Koparako sailkatzeak jende gehiago erakarri zuen eta azkeneko bi-hiru hilabete, jokalari moduan izugarria izan da Illunbe beteta ikustea eta zaleak denbora guztian animoak ematen entzutea. Nik uste dut hori Donostian ez dela inoiz lortu.
Taldeko bi jokalari, Andy Panko eta Sergi Vidal, ligako boskote onenean sartu dira. Pankok, gainera, jokalari onenaren saria jaso du eta Vidalek Jarrera Urdina izeneko saria. Taldekideentzat ere bereziak izango dira sari horiek, ezta?
Aurten dena borobila atera da. Gure aurrekontua erdi mailatik beherako taldeena da eta esfortzu handia egin zen urte hasieran Panko eta Vidal taldean izateko. Oso jokalari onak dira, eta pertsonalki ere esan dezaket izugarriak direla. Jokalari denak familia baten modukoak gara eta Sito Alonso entrenatzaileak esaten duen moduan, errespetatzen gaituzten taldea gara.
Edozein talde kiroletan, denboraldi on bat egiten duenak, beti izaten du giro ona aldagelan. Zuen kasuan ere hala dirudi.
Emaitzak lortzeko giro ona izan behar da aldagelan. Gure taldean hasiera-hasieratik oso ona izan da. Batak besteari laguntzen dio, beterano asko ditugu eta gazteenoi asko laguntzen digute. Partidetan zaleek ikusten dute familia bat garela eta borrokatzeko beti prest gaudela.
Pertsonalki nola izaten ari da zure denboraldia?
Beti nahi duzu gehiago jolastu, baina aurtengo denboraldian gauza bat ikasi dut. Iaz, Pablo Lasorekin aurredenboraldian minutu asko jokatu nituen eta pentsatu nuen asko jokatuko nuela. Baina liga hasi zen eta bukaera arte ez nuen ezer ere ez jokatu. Aurten hasieratik garbi nuen nire lana taldeari entrenamenduetan laguntzea zela, eta beharrezkoa zenean jolastera aterako nintzela. Hasieran zenbait lesio izan ditut, baina azarotik aurrera partidak jokatu ditut. Nik garbi dut nire ikaste prozesuan profesional mailan urte hau izan dela onena.
Partida batean titular moduan jokatu zenuen, eta entrenatzaileak zure lana goraipatu zuen. Nola bizitu zenuen une hura?
Aurten hiru partidetan titular izan naiz, eta Caja Laboralen aurkakoa berezia izan zen, lehenengo aldiz zaleek nik egindako lana txalotu zutelako. Aldatu zidatenean, lehen laurdena bukatu baino lehen, hamar puntu gora gindoazen eta nik defendatu nituen jokalariek ez zuten punturik sartu, eta jendea ikustea zutik zuri txalo eginez..., niretzako egun oso berezia izan zen. Gainera, entrenatzaileak nire lana goraipatu zuen, eta ilusio handia egin zidan, eta lanean jarraitzeko motibazio handia izan zen.
Taldearentzako ere oso garrantzitsua izango da zu bezalako jokalariak izatea, berez minutu asko jokatzen ez dituena, baina kantxara ateratzerakoan taldearen maila mantentzen dela ikustea.
Taldekideek esaten didate azken hiru hilabeteetan oso ondo ari naizela entrenatzen. Defentsa lanetan asko hobetu dudala ikusi dut. Orain, play off-etara begira, minutu asko jokatu duten taldekideek ikustea bere ordezkoa sartzen denean maila mantendu daitekeela, beraiek atsedena hartzeko ondo etortzen da.
Play off-etako neurketa nola ikusten duzu?
Guretzat Valencia Basketen kontra jokatzeak motibazio handia du, laugarrena baita, eta beraz lehen postuetan sailkatu direnetatik ahulena da. Gogo handiekin gaude eta ikusten dugu aukerak ditugula neurketa gainditzeko. Eta hori gertatzen bada, denboraldia laugarren bukatzea izugarri da. Espero dugu etxean jokatu behar dugun partidan Illunbe goraino betetzea. Jarraitzaileen laguntza oso garrantzitsua izango da neurketan aurrera egiteko.