Olatu Talka ekimenarekin bat egingo du Tolosak larunbatean

Imanol Garcia Landa 2012ko maiatzaren 8a

Donostia 2016an Europako kultur hiriburua izango da eta horren harira sortu dute Olatu Talka ekimena. Egitasmo hori Gipuzkoa osora zabaltzeko proposamena egin dute Donostiako Udaletik, eta Tolosan bat egin dute asmo horrekin. Hala, datorren larunbaterako Sukal Talka bazkaria, Gainditzen elkarteak antolatutako zeinu hizkuntzan egindako bakarrizketa eta Box.A elkarteak antolatutako hiri baratzei buruzko tailerra egingo dira.

Edurne Mendia Tolosako Udalaren Kultura zinegotziak azaldu duenez, "olatu talka eta herritarren energiaren metaforari helduz, hori areagotu eta izaera herrikoiagoa eman nahi izan zaio Donostiako Udaletik, ekimena Gipuzkoara zabalduz".  Donostiako Udalarekin "lankidetza polita" sortzeko eta, aldi berean, "Tolosara begira bertako eragileek lan bat batera egiteko eta harreman horiek sustatzeko" erabili dela ekimena azaldu du Mendiak. "Udalak bitartekaritza lana egin du", azaldu du zinegotziak: "Proposamena bertako taldeei zabaldu zaie eta gero zuzenean egin dira eragileen arteko harremanak". Proposamen asko izan direla nabarmendu du Mendiak. "Nahiz asko bertan behera gelditu, gehienbat denbora faltagatik, aurrera begira horiei heltzeko aukera izango da", zehaztu du zinegotziak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!