LABek adingabeen etxeko langileen subrogazioa eskatu du

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko maiatzaren 8a

LAB sindikatuak, Bide Berri enpresak kudeatutako adingabeen etxeetako langileak subrogatu behar direla aldarrikatu du. Honekin batera, Bide Berrik eta Gipuzkoako Foru Aldundiak auzian «behar adinako kontrolik eman ez izana» salatu du sindikatuak.

Pasa den astean jakinarazi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, babespeko hogeita hamar adingabe beste etxe batzuetan birkokatuko dituela; Tolosako etxeko adingabeak dira tartean.

Adingabe hauek Bide Berri enpresak kudeatzen zituen foru etxebizitzetan bizi ziren. Aipaturiko enpresak behea jo duela eta, 700.000 euro inguruko zorrak ditu Gizarte Segurantzarekin, Foru Ogasunarekin eta baita langileekin ere.

Irailetik honako auzia

LAB sindikatuak azaldu duenez, pasa den irailaren hasieran, era honetako zerbitzuak kudeatzen dituzten enpresa nahiz elkarteek Gipuzkoako Eskuartze Sozialari buruzko lehen hitzarmenaren soldata erregimena ez aplikatzeko klausula aurkeztu zuten. Honen aurrean, sindikatuek premiazko bilera egitea eskatu zioten Gipuzkoako Foru Aldundiari: «Bilera hartan azaldu ziguten, elkarte eta enpresa bakoitzari beren ekonomia egoeraren berri ematea eskatu zietela, hauen kudeaketa kontrolatzeko asmoz», dio LAB sindikatuak.

Bide honetan, enpresei ikuskapenak egin zizkieten, eta Bide Berrik 700.000 euroko zorra gainditzen duela ikusi zuten. «Honi gehitu beharko genioke langileei zor diena», nabarmendu du LABek.

Egoeraren aurrean, Bide Berriko enpresa batzordeak eta ELA, LAB eta CCOO sindikatuek, «irmo» eskatu zioten Aldundiari, zerbitzuei eustea: «Kalitatea murriztu gabe, bai eta langile kopurua eta langileen baldintzak ere». Horrela, gaur egun indarrean dagoen hitzarmena babestea izan da sindikatuon helburua.

LAB sindikatuaren arabera, ordea, Aldundiak langileei beren lanpostuei eusteko eskaintza egin zien, «baina inolako bermerik gabe eta dagokien subrogazio eskubideari uko egiteko eskatuz». Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bide Berri enpresak dituen zorren ardura bere gain ez duela hartuko gaineratu du sindikatuak.

Horrela beraz, LAB sindikatuak Bide Berri enpresak «diru publikoaz egin duen kudeaketa kaskarra» salatu nahi izan du. Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundia ere salatu nahi duela nabarmendu dute, «zerbitzu publikoa kudeatzen duten elkarte eta enpresei kudeaketaren inguruan behar adinako kontrolik eman ez izanagatik».

Sindikatu abertzaleak langile guztiak subrogatu behar direla azpimarratu du azkenik, «hitzarmena betez», eta «pribatizatu dituzten gizarte zerbitzu guztiak itzuli behar» direla, erabiltzaileei «kailtatezko zerbitua» bermatuz».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!