Torrelles de Llobregat-eko (Herrialde Katalanak) haur eta gaztetxo dantzariak Tolosan izango dira asteburuan, Udaberri dantza taldearekin antolatu duten elkartruke bat dela eta. Kalejira eta emanaldia eskaintzeaz gain, bertako gaztetxoekin Tolosaldeko parajeak ezagutuko dituzte.
Bihar eguerdian iritsiko dira Torrelles de Llobregat-eko dantzari eta arduradunak Tolosara, eta Udaberriko kideekin batera bazkalduko dute. Dantza talde tolosarreko arduradunek azaldu dutenez, «kultur trukatzeari garrantzia eman nahi diogu, eta dantza egite hutsaz gain, garrantzitsua iruditzen zaigu haurrak elkar ezagutzea».
Horrela beraz, eta helburu horrekin jarraitze aldera, hainbat jolas antolatu dituzte Usabalgo Laskorain ikastolako jolastokian.Ondoren, kalejira abiatuko da, eta bi taldeetako gaztetxoek honako ibilbidea egingo dute, herriko kaleak girotuz: Iurre, Berazubi, Oria kalea, San Frantzisko, Trianguloa plaza, Korreo kalea eta Berdura plaza. Bertan hasiko da emanaldia, 18:30ak aldera; Gipuzkoako dantzak nahiz Bartzelona ingurukoak ikusi ahal izango dituzte bertaratuek, ordu bete inguru iraungo duen emanaldian.
Lizardi elkartean afaldu ostean, Laskorain ikastolan pasako dute gaua Torrelles de Llobregat-eko dantzariek. Elkartrukearekin amaitzeko, igandean Tolosako txokoak bisitatuko dituzte, eta bazkalondoren abiatuko dira berriz, etxera.
Bi kulturen arteko harremana
2005. urtean egin zuten, lehen elkartrukea, Udaberrik eta Esbart Sant Martí-k. Tolosako Babarrun festa zela eta, Herrialde Katalanetatik etorri ziren dantzara; dantzari tolosarrek Torrelles de Llobregateko Gerezien jaian dantzatu zuten gero.
Bi dantza taldeetako belaunaldi berriek arteko harremana, ordea, duela bi urte hasi zen. Udaberriko kideek «oso esperientzia polita» izan zela diote, eta horregatik erabaki dute, jarduera bera errepikatzea.
Datorren ekainaren 1etik 3ra izango dira tolosarrak, Torrelles de Llobregat-en.