Lurperatzearen aldeko bizilagunek txosten juridikoa egiteko laguntza eskatu dute

Imanol Garcia Landa 2012ko maiatzaren 3a

Lurperatzearen aldeko Larramendi auzoko bizilagun taldeak txosten juridiko bat eskatu nahi dute egungo egoeraren berri izateko. Horretarako bilera egin zuten atzo Tolosako kultur etxean, txosten hori izateko behar den dirua eskatzeko auzoko bizilagunei. "Gure helburua Larramendi kalearen lurperatzea egitea da eta hori lortzeko juridikoki zer aukera ditugun ezagutu nahi dugu", azaldu dute.

Bileraren hasieran, bideratu duten azken ekimenaren berri eman zuen bizilagun taldeak, hau da, etxebizitza berrien sustatzaileei bidalitako burofaxa: "250 bizilagunek sinatuta, lurperatzea egiteko exijitu zaie, baina ez dute erantzunik eman eta minduta gaude beraien jarrerarengatik". Bestalde, Tolosako Udalak bultzatu duen batzordetik atera zirela azaldu zuten: "Batzorde hori udalaren proiektuari buruz hitz egiteko zen, eta horregatik bertatik atera ginen".

Egoera horien aurrean hurrengo pausoa juridikoki zer aukera dituzten ikustea dela azaldu zuten bileran. "Guk ez ditugu baliabide ekonomikorik, horregatik bizilagunen laguntza eskatzen dugu", azaldu zuten. Hori horrela, hiru abokatu bulegotara joan direla azaldu zuten eta hauek egindako aurrekontuak erakutsi zituzten. Bileran zeudenen artean bozkatu zuten eta Arruti y Antunez bulegoarena aukeratu zen aho batez. Bizilagun taldeak kostuari aurre egiteko Kutxaren 2101 0067 26 0013007646 kontuan etxebizitzako 20 euro jartzeko eskaria egin dute. Dirua sartzerakoan ezkaratzaren zenbakia eta etxebizitzaren solairua eta letra jartzeko esan zuten, diru hori ez bada erabiltzen jarri duenari itzultzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!