Babespeko hogeita hamar adingabe etxez aldatu ditu Foru Aldundiak

tolosa 2012ko apirilaren 27a

Gipuzkoako Foru Aldundiak babespeko hogeita hamar adingabe beste etxe batzuetan birkokatu behar izan ditu, tartean, Tolosako etxebizitzakoak daude. Adingabeok Bide Berri enpresak kudeatzen zituen foru etxebizitzetan bizi ziren. Enpresa horrek behea jo duela eta, milioi bat euro ingurukoak izan daitezkeen zorrak ditu Gizarte Segurantzarekin, Foru Ogasunarekin eta bere langileekin.

Gizarte Politikako diputatu Ander Rodriguezek azpimarratu du babespeko adingabe horien interes gorena lehenetsiz hartu duela erabakia Aldundiak, bai eta baliabide publikoak kudeatzerakoan izan behar den erantzukizuna betez ere. Horregatik, foru babespeko haur eta nerabe horiek beste etxe batzuetara aldatzea erabaki du, haur eta gazteen babeserako sarean ari diren kudeatzaile kaudimendunen ardurapean jartzearren.

Foru Aldundiak ikuskapen prozesu bat jarri zuen martxan joan zen urteko azaroan, eta ikuspen horrek azaleratu du Bide Berri enpresak diru zorrak zituela bere langileekin, Gizarte Segurantzarekin eta Ogasunarekin. Arrasate, Urretxu, Bergara eta Donostiako etxebizitzaz gain, Tolosakoan ere bazeuden adingabeak.

Egoera honetan, beraz, Aldundiak, Bide Berrirekin zuen kontratua haustea erabaki du. Kaudimen egiaztatua duten bi entitate aurkitu zituen, afektatutako adingabeen heziketarekin jarraitzeko eta Bide Berriko 54 langile beren gain hartzeko prest zeudenak, nahiz eta ez subrogatu Bide Berriren zorra bere gain hartu behar ez izateko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!