Eskultoreen sinposioa izango da Tolosan, «hiria bizitzaren eszenatoki» bilakatzeko

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko apirilaren 24a

Tolosako Ekinbide Etxeak, datozen hilabeteotan martxan jarriko duten eskultoreen sinposioa aurkeztu berri du. Lehiaketaz gain, arte honen inguruko hainbat hitzaldi eta jarduera izango dira, eta Eskulturastea izenburupean ospatuko dute guztia.

Topic zentroan egindako agerraldian, Tolosako Ekinbide Etxeko Ana Arretxe lehendakariaz eta Ibai Iriarte alkateaz gain, Tolosan bizi den Nisa Goiburu artista izan zen.

Eskulturastea «Tolosako eremu publikoetako eskultura eta arte esku hartzearen lehen sinposioa» izango da. Jarduera nagusia bi urtean behin artista profesionalentzat antolatuko duten lehiaketa izango da; honen inguruan ospatuko dituzte, halaber, eskulturaren inguruko hitzaldiak nahiz erakusketak.

Lehiaketan parte hartzen  duen artista edo talde bakoitzak, eremu publikoan egiteko eskultura edo arte lan bakarra aurkeztu beharko du. Bide honetan, antolatzaileek zenbait gai iradoki dituzte: natura, ipuinak, txotxongiloak, musika eta inauteriak. Dena den, artista bakoitzak nahi duen gaia aukeratu ahal izango du sortu berri duten lehiaketan parte hartzeko.

Lanak aurkezteko lehen eguna ekainaren 1a izango da, eta ekainaren 30a bitarte epea zabalik izango da. Aurkeztutako proiektu guztien artetik, hiru aukeratuko ditu, datozen hilabeteotan ezagutaraziko duten epaimahaiak. Datorren irailaren 10ean, hiru proiektu horiek gauzatzen hasiko dira artistak, Tolosako kaleetan. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, artistek eta proiektuek herritarrekin duten komunikazioari garrantzia eman nahi diote, eta eskultoreek kalean nola lan egiten duten ikusteko ordutegiak ezarriko dituzte: «Belaunaldi berriak sentsibilizatzea eta hauei interesa sortzea da xedeetako bat, artearekin eta artistekin batera bizitza».

Honakoak izango dira sariak: irabazleak 5.000 euroko ordainsaria izango du; bigarren saria 1.300 eurokoa izango da, eta hirugarrena, berriz, 1.000 eurokoa.

«Gogoeta bultzatuko du»

80ko hamarkadan, TEEk Euskariko Eskultura erakusketa antolatu zuen zenbait urtetan. TEEko Eskultura Batzordea hainbat herritarren ekimena izan zen, eta 90eko hamarkadara bitarte lanean jardun zuten; TEEren 25. urteurrena ospatzeko, Tolosan eskultura bat jartzea proposatu zuten, kultura ondaren bat sortze aldera.

Jorge Oteiza oriotarrari proiektuaren ideia aurkeztu zioten, eta parte hartzeko prest azaldu zuen hark bere burua; beste hainbat eskultorerekin batera jardun nahi izan zuen, ordea. Oteizaren ideiak aurrera jarraitu zuen, eta 1994 eta 1996 urteen artean, hainbat euskal artista garaikideren lanen erakustoki bilakatu zen Tolosa. Garai haren ondorio dira, Nestor Basterretxearen Goldea, Oteizaren beraren Atauts, Ricardo Ugarteren Oroimenaren gaztelua, Tomas Hernandezen zezen-plazako pieza, Jose Ramon Andaren Airean, Eduardo Chillidaren Lizardiren leihoa nahiz Koldobika Jauregiren Kantu ixila.

Eskultura zenbaiten kutsu garaikideak polemika sortu zuen herritarren artean; antolatzaileek nabarmendu dutenez, ordea, «gure ingurumen urbanoko zati dira gaur egun, eta gure memoria kolektiboan txertatuta daude».

Horrela beraz, espazio publikoetako artearen zentzuaz gogoeta egiteko bideak ireki nahiko ditu TEEk, Eskulturastearen barneko eztabaida, hitzaldi nahiz erakusketekin: «Laborategi urbano bat sortu nahi dugu».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!