Olasagastiren eskarmentua gehiago izan da

tolosa 2012ko apirilaren 23a

Joxe Mari Olasagastik irabazi zuen atzo Tolosako zezen plazan Xabier Zalduaren aurka jokaturiko apustua. Igeldokoak 53 minutu eta 2 segundo behar izan zituen lana bukatzeko, eta Zumarragakoak, minutu bat eta sei segundo gehiago.

Probaren aurreko egunetan apustuak nahiko parekaturik zeuden arren, atzo dirua Olasagastiren alde irten zen. Alde bakoitzak 6.000 euro jarri zituen jokoan. Ikusleei dagokienez, berriz, aurreikuspenak betez, 1.000 ikusle baino gehiago gerturatu ziren apustuaz gozatzera, 1.200 inguru, hain zuzen ere.

Igeldokoak 22 kana-erdiko ebaki behar zituen, eta Zumarragakoak, berriz, bi gutxiago, azken honek jarri zuelarik egurra. Olasagastik hasieratik hartu zion aurrea Zalduari. Lehen enborrean hamasei segundo kendu zizkion, eta pixkanaka-pixkanaka alde hori handituz joan zen. Hala, lan erdia amaituta, enbor bat baino gehiagoko tartea kentzen zion.

Bi aizkolariei lau enbor falta zitzaizkienean, berdinduta zeuden. Zumarragakoa eusteko gai izango zela zirudien, baina hurrengo enborrean, Olasagastik 21 segundoko aldea atera zion. Zalduak ezin izan zuen egoera parekatu berriro, eta hortik probaren amaierara arte, Olasagasti aurretik joan zen, azkenean minutu pasatxoko aldea atera arte.

Apustu ona izan zen oro har atzo Tolosako zezen plazan ikusitakoa. Izan ere, azken txanpara arte emozioak iraun zuen, eta hori da, hain zuzen, ikusleek horrelako proba batean eskatzen dutena. Igeldokoak argi utzi zuen, beste behin, urtetako esperientzia gaztetasuna baino gehiago izan daitekeela.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!