Omenaldi eguna izango da datorren igandekoa, Santa Maria parrokiako musika kaperarentzat. Azken 27 urteotan taldearen alde lan egin duten hainbat musikariri eskerrak emango dizkiete.
Kaperako kideek azaldu dutenez, «musikari hauek berebiziko lana egin dute, eta ez zaie sekula behar bezala eskertu». Horrela beraz, bi unetan zatituko dute eskertza omenaldia. Batetik, igandeko meza nagusia ospakizun izango dute; 12:00etan hasiko da ekitaldia, eta Santa Mariako musika kaperak musikaz lagunduko du meza. Ohiko errepertorioaz haratago, Felipe Gorriti eta Eduardo Mokoroaren hainbat obra eskainiko ditu taldeak.
Behin meza amaituta, berriz, bazkari legea egingo dute eskertza omenaldia behar bezala amaitzeko. Fronton jatetxean izango da bazkaria, eta bertan parte hartu nahi duen edonork 675 70 86 86 telefono zenbakira deitu beharko du izena emateko.
Bost omenduri eskerrak
Tolosako Santa Maria parrokiako musika kapera Euskal Herriko musika erakunde zaharrenetakoa da. Hainbat urtetan prestigiozko erakundea izan zen musikarientzat, eta Felipe Gorritik sekulkako iraultza sortu zuen taldea, musika tresna berriak sartuz nahiz hainbat obra konposatuz.
Gaur egun, 90 kide inguru ditu Santa Mariako musika kapera, abeslari, orkestra, organo jotzaile eta zuzendariarekin, eta erakunde musika hau bizirik mantentze horretan lan egindakoak dira igandean omenduko dituztenak.
Luis Maria Garcia Artetxe da omenduko dutenetako bat. 1988 eta 1993 urteen artean, musika kaperako maisua izan zen, eta bere zuzendaritzapean, hainbat obra berreskuratu zituen erakunde musikalak: Inazio Mokoroaren Misa Orbis Factor, Perosiren Misa Eucarística eta Mozarten Ave verum. Era berean, kaperak garai hartan eskaini zituen bi kontzertu berezi zuzendu zituen: Felipe Gorritiren jaiotzaren 150. urteurreneko kontzertua izan zen haietako bat, 1989an.
Migel Zeberio, berriz, 1993 eta 2001 artean izan zen musika kaperako zuzendaria. Berak ere errepertorioa zabaldu zuen, baina Gorritiren obran jarri zuen bere arreta, lan horretan. Besteak beste, autorearen Gran Misere obra berrezarri zuen 1995eko Aste Santuan, eta Eduardo Mokoroaren Misa a 3 y 4 voces y órgano berreskuratu zuen. San Joan jaietako elizkizunetan kaperak berriro parte hartzea ere lortu zuen Zeberiok, eta azkenik, aipatzekoa da zuzendari izan zen denbora tartean musika artxiboa hobetzeko egin zuen lana ere. Duo Seraphin argitaletxeak Gorritiren eta Mokoroatarren obrak argitaratzea lortu zuen.
Inmaculada Egizabal izango da, igande honetan omenduko duten emakumezko bakarra. 1994 eta 1995 artean, musika kaperako zuzendaria izan zen zenbait hilabetez, Migel Zeberio Tolosatik kanpora zihoala eta. Egizabal erakunde musikaleko gidari zela ospatu zuen organo berrituaren inaugurazioa, 1994ko martxoaren 13an.
2005ean hasi, eta iaz amaitu zuen Ander Letamendiak, Santa Mariako kaperako zuzendari bidea. Epe honetan, aldaketa nabarmenak izan dira taldean: abesbatzan kide berriak hasi dira, eta entseguak arautu ditu, aste beteko maiztasunarekin. Honakoak izan dira Letamendiak berreskuratu dituen obrak: Inazio Mokoroaren Misa de la Coronatione, batetik; bestetik, Gorritiren Magnificat del Corpus, Motete de San Juan bautista, Misa en Do eta Motetes al Santísimo.
Azkenik, Jose Arcelus Ibarzabal organo jotzailea izango da eskertza omenaldiko bosgarren protagonista. 1984tik, 2011ra arte aritu zen Santa Mariako organoa jotzen. Salustiano Balza zendu zenean, haren ordez hasi zen Arcelus.