Aurten, Tolosa Kup txapelketan parte hartzea indartu nahi du udalak. Gazteria sailetik bultzatzen den ekimena den heinean, helburu batzuk landu nahi dituzte, «beti ere udalaren asmoa txapelketa parte hartzaile eta integratzailea izatea da». Horretarako helburu batzuk zehaztu dituzte eta horiek herriko taldeekin eta txapelketaren parte hartzaileekin elkartrukatu nahi dituzte.
Hala, hiru helburu zehaztu dituzte Gazteria sailetik. Alde batetik, txapelketaren hastapenetako lagun giroa eutsi eta bultzatu nahi dute. Horrez gain, txapelketan emakumearen presentzia bermatu nahi dute. Azkenik, parte hartuko duten taldeen eta bere partaideen izaera ahal den anitzena izatea nahi du udalak.
Parte hartu nahi dutenek, horretarako aukera dute hilaren 19tik hilaren 25a bitartean, kultur etxean edota 943 67 03 83 zenbakian. Taldeak osatzeko zozketa hilaren 25ean izango da, 18:00etan, kultur etxean. Lehenengo jardunaldia hilaren 28an eta 29an izango da.