Errenta aitorpena euskaraz egitea, helburu

tolosa 2012ko apirilaren 18a

Tolosako Beotibar frontoian, Usabal kiroldegian eta hiribusean errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin du Tolosako Udalak. Egizu deklarazioa euskaraz! lelopean kartelak jarri dituzte aipatu tokietan, eta helburua Tolosaldeko 5.000 pertsona baino gehiagok errenta aitorpena egiterakoan euskara aukeratzea da, Tolosako Inaki Irazabalbeitia Hizkuntza Politika eta Hezkuntza batzordeko zinegotziak aipatu duenez. Era berean, kanpaina "ekologikoago" bat egin nahi izan dute, eta aurreko urteetan postontzietan informazioa banatu badute ere, aurten beste modu bateko deia egitea erabaki dute udal arduradunek.

Irazabalbeitiak Beotibar frontoian egin du agerraldia, Iñaki Azaldegi Tolosako Udaleko euskara teknikariarekin eta kontseiluko Juanlu  Aranbururekin batera. Horiek horrela, bereziki gazteei egin diete dei eta beldurrak baztertzeko beharra ere azpimarratu dute. "Gazteek, guztiek edo ia guztiek, dakite euskaraz, eta horregatik egiten diegu dei errenta aitorpena euskaraz egiteko. Beldurrak baztertzeko garaia ere bada, gainera, errentako hitz tekniko asko ez baitugu ulertzen, ez gaztelaniaz eta ezta euskaraz ere", azaldu du Irazabalbeitiak.

Juanlu Aranburuk bere aldetik, eskualde mailan horrelako deia egitea oso garrantzitsua dela nabarmendu du, batetik; euskararen normalizazio prozesuan elkarlana bultzatzea ezinbestekoa dela esan du, bestetik; eta bukatzeko, euskara etxetik edo eskoletatik atera, eta egunerokoan txertatu behar dela gainaratu du: "Euskara egunerokotasunera zabaldu behar da, eta euskaraz bizitzeko beste urrats bat da errenta aitorpena euskaraz egitea".

Orain bi urte Tolosaldeko 3.800 pertsonek aukeratu zuten euskara, iaz ia 5.00o lagunek, eta aurten kopuru hori gainditzea da helburua.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!