Larunbatean, 22:00etan, abian jarriko da ETB1ean Kantuan saioa. Hainbat abeslarik kantu ezagunak abestuko dituzte, horien artean Iñigo Perurenak (Tolosa, 1972) eta Idoia Uraldek (Villabona, 1983). Biek badute eskarmentua musikaren munduan.
Perurena hainbat urtez Tolosako Fronton kafetegian aritu da larunbat gauak girotzen, eta, egun, ezkontza, bataio eta horrelako ospakizunak girotzen ditu. Uralde, bere aldetik, Egan taldeko abeslaria da azken hamaika urtetan. Hain justu, horregatik deitu zieten telebista saiotik abeslariak aukeratzeko probara, eta hautatuak izan dira.
Perurena aurretik ere aritu da telebista saioren batean, orain hamabost urte inguru. «Beste une batean ez nuen gogo handirik izango, baina orain gustura hartu nuen gonbidapena», esan du. «Normalean, deitu izan didatenean, imitatzaile moduan aritzeko izan da: mozorrotu eta ahal dela titi handi pare bat jarri. Nik hori ez nuen nahi. Oraingo honetan abesteko deitu zidaten, eta berez musika jotzen eta abesten batera aritzen naizenez, kantuan bakarrik nola moldatzen nintzen ikusi nahi nuen».
Hautaketa proba egiteko deitu ziotenean, Uralderi hasiera batean «lotsa puntu bat» eman zion: «18 urte dituzula hautaketa proba egiteko gogoa eta ilusio daukazu, baina hainbeste urte eta gero horrelako proba bat egitea, norbaitek zure lana baloratzea...». Azkenean, baina, animatu egin zen eta hautaketa probara aurkeztu zen: «Telebistako saio batean parte hartzea aukera polita iruditzen zait».
Bi abeslariek saioan dagoen maila goraipatu dute. «Batzuk ezagutzen gara, gremiokoak garelako, baina beste asko daude sekula eszenatoki baten gainean abestu ez dutenak», dio Uraldek. Billabonatarrak ez zuen uste hautaketa proba gaindituko zuenik: «Sekulako maila dago, eta horregatik ere harro nago. Jende ona hartu dute eta haien artean egotea poza ematen du». Perurenak ere, saioan daudenak «ikaragarri» abesten dutela dio, «eta ez naiz nire buruaz ari. Lehenengo sentsazioa, jendea kantari ikusi nuenean, etxera joatekoa izan zen». Tolosarra harrituta geratu da saioko abeslari gazteek nola kantatzen duten eta eszenatokian duten jarrera ikusita.
Familia giroan ikusteko
Guztira hamalau abeslarik hartzen dute parte Kantuan programan, baina ez dute denek saio guztietan abesten. Saio bakoitza gala bat da, eta guztietan abesti oso ezagunak kantatuko dituzte.
Ez da lehiaketa bat, baina saio bakoitzean gonbidatu batzuk izango dira, eta abeslarien jardunari buruz ariko dira. Julian Iantzik aurkeztuko du programa, eta Perurena harrituta geratu da aurkezlearen jardunarekin: «Sekulako etorrera dauka eta giro bikaina sortu du». Familia giroan ikusteko saioa dela dio Perurenak: «Etxean, larunbata gauean, afalostean ikusteko programa aproposa da».
Lehenengo saioan, gainera, Uraldek, Perurenak eta beste abeslari batek batera abestuko dute kanta bat. Aurretik ez zuten elkar ezagutzen, eta oso gustura aritu dira. Perurenak dioenez, «Idoiak oso ondo abesten du. Bera eszenatoki batean ohituago dago, Eganen abesten duelako, eta erosoago ikusten zaio». Uraldek ere hitz onak izan ditu Perurenarekiko: «Oso jatorra da, eta horrelako pertsona batekin egotea garrantzitsua da. Ez da bakarrik kantari ona izatea, niretzako garrantzitsuagoa da nolakoa den pertsona: giro ona duzun, dibertigarria den... Iñigo bezalako pertsonekin lan egitea oso erraza da».
Perurenari beste batzuekin kantatzea erronka polita iruditu zaio: «Ahotsak egitea, bakoitzak zer jarri dezakeen kanta aurrera ateratzeko ikustea... Gainera, Idoia bezalako abeslari batekin erraza da, oso jatorra eta umila delako». Abeslarien arteko giro on horren emaitza larunbatean ikusi eta entzun ahalko da, Kantuan programaren lehen saioan.