Etxebizitza baten desjabetzea bertan behera gelditu da

tolosa 2012ko apirilaren 18a

Tolosako Udalak ohar batean zehaztu duenez, Santander Central Hispano bankuarekin eginiko «bitartekaritza lanari esker»,  Tolosako Kale Nagusian aurreikusia zegoen etxebizitza baten desjabetzea bertan behera geratu da. «Bankuak, etxebizitza ordainean ematea onartu du eta bertan bizi direnei etxebizitza alokatzea eskaini die etxea utzi behar izan ez dezaten», zehaztu dute udaleko arduradunek.

Tolosako Udalaren aldetik, «berri on hau jakinarazi» nahi da, baina, bestalde, hori ez dela «desjabetzeekin amaitzeko era» adierazi du. Udalaren ustez, «etxebizitza eskubidea eskubide ekonomikoen gainetik jartzen ez den bitartean, ez zaio benetako irtenbidea emango arazoari».

Oharraren bitartez, udalak herritarrei jakinarazi nahi die bitartekaritza lana egiteko prest dagoela, «Tolosan gerta daitezkeen desjabetzeei irtenbide egokia bilatzen laguntzeko».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!