AurrezAurre egitasmoaren bukaera eman zaio aurreko astean, besteak beste, Zapalduon Antzerkiari buruzko tailerra eginez. Bertan, hainbat ariketa, jolas eta teknika erabili dituzte ikastaroko parte hartzaileekin: antzerki irudia, playback theatre, inprobisazioak eta barneratutako ahots soziala. Tolosako kultur etxean "eztabaida espazioa berezia ireki dugu hiru egunetan zehar, lengoaia desberdinen artean gure errealitatearen inguruan hausnarketa egiteko", azaldu dute tailerreko arduradunek. Ezaugarri, arazo eta desio oso desberdinak zituen taldea aurkitu dutela esan dute, eta dibertsitate horretatik abiatuz entzuketa aktiboa, zaintza eta errespetua beste ezeren aurretik ipiniz komunean zituzten kezka eta desioak bilatu dituzte. "Mitoak, beldurrak, zailtasunak partekatu ditugu, hezkuntza eta gizarte honetako balore nagusiak aldatzeko beharrari buruzko eztabaida izan genuen", azaldu dute. Horretarako, prozesuen laneko teknikak erabili dituzte azken egunean, prozesuetara bideratutako foroa esaterako. "Guztien emozio eta ekarpenak balioztatu eta zaindu ditugu eta batez ere, oso ondo pasa dugu", gaineratu dute.