Larunbat honetarako hainbat jarduera antolatu ditu Tolosako Udalak, eta besteak beste, karakolak eta idiak izango dira protagonista. Astelena jatetxeko Peio Doyharzabal, Tolosako Udaleko Hasier De los Rios zinegotzia eta Alejandro Goya idien ordezkaria den Iñigo Luke izan dira agerraldian.
Goizean, larunbateroko merkatua izango da, eta Ostegun Santuan karakolak jatearen ohiturari eusteko asmoz, karakolak dastatzeko aukera izango da Zerkausian, KM 0 ekimena Aste Santuko oporraldiarekin uztartuz. 2.500 karakoletik gora prestatuko dituzte Astelena jatetxeko Peio Doyharzabalek eta Botarriko Txemari Estebanek, eta 12:00etatik aurrera banatuko dituzte bertaratzen direnen artean.
12:30ean iritsiko da eguneko hitzordurik bitxiena: karakolen lasterketa. Iazkoaren arrakasta ikusita, udalak jarduera hau errepikatzea erabaki du, eta edozein herritarrek parte hartu ahal izango du. Lehen hiru sailkatuentzat sariak izango dira.
Azkenean, arratsaldean idi proba erakustaldia izango da Pablo Gorosabel edo Rondilla kalean. 17:30ean hasiko da proba, eta 3 idi bikote ariko dira norgehiagokan: Tolosako Alejandro Goya, Orioko Izeta eta Errenteriako Illarreta idiak. 22 metroko plaza izango da idiek zeharkatu beharko dutena, 20 minutuko proban. Agerraldian Iñigo Lukek azaldu duenez, kintopeko idiak dira etorriko direnak; idi gazteak alegia, sekula apusturik egin gabeak. Hori dela eta, 1.200 kiloko harria eraman beharko dute arrastaka; normalean baino harri arinagoa.