Tolosako esperientzia eskolak ohi baino beranduago hasiko ditu aurten eskolak, eta belaunaldien arteko lankidetza sustatzea izango da, bultzatuko dute egitasmoetako bat.
Ikasturte berria aurkeztearekin batera, eskola biziberritu nahi dutela azaldu zuen, Mugabe elkarteko arduradunak: «Jendea aktibo egotea nahi dugu, lehengo ikasleak ikasle berriekin nahastuz». Mugabek kudeatuko duen azken ikasturtea izango da aurkeztu berri dutena, izan ere, Tolosako Beti Ikasten elkartearen ardura izango da aurrerantzean, esperientzia eskola.
Aurten zenbait berrikuntza eskainiko dituzte, eta belaunaldien artean etengabeko elkarkidetza sustatu nahi dute hasteko. Mugabeko arduradunak azaldu zuenez, lehenago Orion eta Azpeitian ere burutu dituzte halako jarduerak, eta Tolosarako bi jarduera prestatu dituzte; Topic-en izango da bietako bat.
Era berean, adineko pertsonak bere etxeetan duintasunez bizitzeko Etxean ondo egitasmoa ere zabaldu nahi dute, eta baita adinekoak zaintzen dituztenei esperientzia eskolako ateak zabaldu ere: «Beren buruari denbora eskaini behar diote».
Aurkezpen ekitaldian esperientzia eskolako bi ikaslek beren bizipenak kontatu zituzten. Batek kalean esperientzia eskolaren kontua entzun, eta jakinminez izena eman zuela dio: «Gauza berria ikasi ditut, eta txikitan baino gehiago gozatu dut». Beti Ikasten-eko arduraduna ere, pozik azaldu zen: «Erretiroa hartu eta gero oreka bilatu behar izaten da, eta hemen, gure adin bertsuko jendea ezagutu eta gauza berriak ikasten ditugu».