Urrezko bi domina lortu dituzte Rojo anaiek Espainiako Txapelketan

Imanol Garcia Landa 2012ko martxoaren 26a

Baqueira Bereten (Katalunia) lau egunez Espainiako Txapelketan lehiatu ondoren, Tolosara itzuli dira Ioseba eta Imanol Rojo anaiak, urrezko bi domina lortu eta gero. Bi dominak erreleboka lortu dituzte. Ostegunean, team sprint modalitatean, bi anaiek osatutako bikoteak irabazi zuen. Atzo, errelebo mistoetan parte hartu zuten, eta hor ere lehen postua eskuratu dute bi anaiek eta Maialen Lopez irundarrak osatutako hirukoteak. Ostiralean eta larunbatean banakako probak izan ziren, eta horietan ez zuten dominarik lortu, gutxigatik. Klasiko eran, Iosebak laugarren amaitu zuen eta Imanolek 10. postuan. Skating eran, Imanolek laugarren postua eskuratu zuen eta Iosebak, berriz, 15. iritsi zen.

Imanol Rojok azaldu duenez, gustura daude lortutako bi dominekin, baina norbanako probetan ez daude gustura lortutakoarekin: "Dominaren bat lortzea espero genuen, baina ni birus batekin nabil azken hamabost egunetan eta ezin izan naiz nahi bezala aritu. Ioseba ere ez da forma onenean iritsi txapelketara". Imanol pozik dago, norbanako probetan lehen postuan amaitu dutenen kontra irabazi dutelako errelebo mistoan: "Euskadiko selekzio bezala aritu gara eta kataluniarrak genituen aurkari zuzenak. Parean aritu ginen, baina, azkenean, 19 segundogatik irabazi genuen proba".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!