Ibai Iriarte alkateak "errespetua" eta "morboan ez erortzea" eskatu du

Ataria 2012ko martxoaren 26a

http://www.youtube.com/watch?v=e7HhLlb44M4

[/caption]

Tolosako Udalak 19:00etarako ezohiko udalbatza deitu du. Ibai Iriarte alkateak eguerdian egin duen agerraldian, udaletxe atarian, “errespetua” eta “morboan ez erortzea" eskatu du.

Testu bateratu bat prestatuko dute udal gobernuak eta udalean dauden alderdi politiko guztiek. Iriartek, herritarrei parte hartzeko deia egin die "gaur, bihar eta aste honetarako deituko diren elkarretaratze zein salaketa adierazpenetan". 19:00etan testu bateratua irakurriko dute pleno aretoan. Bilgune feministak deituta 19:30ean elkarretaratzea egingo dute, Trianguloa plazan.

Era berean, "indarkeria matxistaren aurrean errespontsabilitatez jokatzea eskatzen dut. Gizartean zerbait gaizki egiten ari gara, eta hausnartu beharra dago. Ikusi besterik ez dago zenbat emakume erail dituzten, egun bat bai eta bestea ere bai", azaldu du. "Errespetuz jokatzea nahi dut, eta ez dut izenik ematea nahi, eta are gutxiago adin txikikoak tartean daudenean. Morboan erori gabe, informatzea nahi dut", gaineratu du.

PSE-EE alderdiaren izenean, Rafaela Romerok hitz egin du, Gipuzkoako Batzar Nagusietako PSE-EEren bozeramaleak “gizarteak biolentzia matxista” ez duela onartzen esateko. Biolentzia mota honek emakumeen bizitza eta duintasuna eramaten jarraitzen duela gaineratu du.

Aralar alderdiak ere, "gogor" salatu du Tolosako hilketa matxista: "hilketa matxista salatzeko egingo diren protesta ekitaldietan parte hartzeko deiarekin bat egiten dugu". "Onartezina da XXI. mendeko gizarte batean era horretako eraso matxistak gertatzea".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!