Tolosa Zero Zabor taldeak bere ibilbidea hasi du, "egun hondakinekin dugun arazo larriari" aurre egiteko asmoz. Gaur egungo hondakinen kudeaketa sistemarekin ez datorrela bat esan du taldeak, eta "irtenbide alternatibo bat" bilatu nahi duela esan du. Taldearen ustez, "egungo kudeaketa okerrak jasangarritasun bidean joan ordez, aurkako noranzkoan garamatza, arazoa are eta gehiago larriagotuz". Tolosa Zero Zabor taldearen helburua "arazo horri irtenbide bat ematea" da, horretarako "tolosar guztiak inplikatuz". Taldeak esan duenez, "gu gara arazo hau sortu dugunak, eta ardura beste batzuei bota beharrean, guk aurkitu behar ditugu dagozkion irtenbideak".
Helburuak lortzeko, talde sortu berriak zero zabor programa proposatzen du. Horren arabera, erabilitako produktuak ustiatu ondoren, irtenbidea eman behar zaie, zaborrik ez sortzera heldu arte. Programa horretan hiru ildo jarraitzen dituzte: murriztea, "hondakinik onena sortzen ez dena baita"; berrerabilpena, "produktuaren bizitza luzatzea ahalbidetzen baita hondakinak sortzeari utziz"; eta birziklapena, "sortu ditugun hondakinek jasotzen duten tratamendua zabor bihur ez daitezen".
Tolosa Zero Zabor taldeak azaldu duenez, "arazoari errotik heldu behar zaio, eta honetarako denon partaidetza garrantzitsua da". Gaiaren inguruan herritarrei "informazioa zabaldu, parte hartzea eskatu eta laguntza eskaini" nahi dietela esan dute. Horretarako, besteak beste, apirilaren 18rako bilera informatiboa antolatu dute.