Emanaldi berezia izango dute, ostegunean, Tolosako zine forumean. La plaza de la Música. Historias de amianto filma emango dute, 19:15ean eta 21:45ean. Lehenengo saioaren ondoren, solasaldia antolatu dute Juanmi Gutierrez filmaren zuzendariarekin eta Asviamie amiantoaren biktimen elkarteko kideekin.
Gutierrez berak jasan du amiantoaren eragina familian. Bere ama mineral horrek eragindako gaixotasunarengatik, pleurako mesoteliomagatik, hil zen, baina ez zuten hori jakin urte asko pasatu eta gero. «Ama hil zen garai horietan ez zen hainbeste zehazten zertaz hiltzen zen, hau da, biriketako minbizia izan zuela esan zuten», dio Gutierrezek. «Gero, esan zigutenean, mesoletiomarengatik izan zitekeela, ikertu egin genuen eta Onkologikoan konfirmatu ziguten gaixotasun horrengatik hil zela. Gaixotasun hori zuzenean lotuta dago amiantoarekin».
Familia Errenterian bizi izan zen, Paisa enpresaren ondoan. «Amak ez zuen han lan egiten, baina etxearen parean genuen enpresa eta haizegailu bat genuen ondoan, enpresako zikinkeria guztia botatzen zuena», esan du filmaren zuzendariak. «Ondo oroitzen naiz nola bizilagunen artean esaten genuen gure etxeak beti hautsez beteta zeudela. Enpresa horrek botatzen zuena zen».
Ezusteko handia izan zen Gutierrezen familiak amaren heriotzaren arrazoia jakin zutenean. «Ez genuen inork espero enpresatik arnastutako hauts horrengatik hilko zela», azaldu du. «1960 arte bizi izan ginen Errenterian. Baina gaixotasun horren eragina ez da berehalakoa izaten. Amiantoaren orratzak mikroskopikoak dira eta hauek arnasterakoan pleuran sartzen dira, eta pixkana pleura ahultzen joaten dira, eta minbizia sortzen da. 20, 30, 40 edo 50 urtetik aurrera nabaritzen hasi daitezke ondorioak».
«Amaren heriotza jakiterakoan, anaia Javiri gaiaren inguruan ikertzeko eta idazteko gogoa sortu zitzaion», dio zuzendariak. «Eta nik film bat egiteko proposamena egin nion. Alde batetik, omenaldia egin nahi izan diogu biktimei, eta, bestetik, amiantoaren inguruko borrokarekin bat egin nahi genuen».
Filma egitea «sekulako bidaia» bihurtu da Gutierrezentzat: «Hasieran, barruko bidaia izan zen, nire amaren heriotza nola izan zen jakiteak barnea mugitu zidalako. Bestalde, Errenterian zer gertatu zen jakin eta hortik zabaltzen joan gara. Azkenean, Indiako hondartzetara iritsi ginen». Han, amiantoa duten itsasontziak desegiten dituzte bertako langileek, inongo babesik gabe.
Amiantoa alde guztietan dagoela dio Gutierrezek: «Mirarizko materiala izan da enpresentzat: isolamenduentzako oso aproposa, surik ez duena hartzen, pisu gutxikoa eta, batez ere, merkea». Amiantoak duen arriskua «guztiz frogatuta» dagoela esan du Gutierrezek, «baina lehen munduko herrialdeek hirugarren mundukoei minerala saltzen jarraitzen dute, eta hauek etengabe erabiltzen dute». Bestalde, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan hemen egindako industriguneek amianto ugari dutela dio.
Filmaren protagonistak biktimak direla dio Gutierrezek: «Gaixotasuna duten sei pertsonen senideek bere istorioa kontatzen dute. Minbizi hori oso mingarria da; morfinarekin apaltzen ez den tortura bihurtzen da. Filmarekin abisatu nahi da gaixotasun horren epidemia handi bat etortzear dagoela eta gaixo daudenek babesa behar dutela erakutsi».