Uraren egunaren harira txorrota ixteko eskaria egin dute

Ataria 2012ko martxoaren 21a

Bihar, hilak 22, Uraren Munduko Eguna izango da. Tolosak zer esana duela eta, udalak, egun honen inguruan hainbat ekitaldi antolatu ditu. Eta egun hau ospatzeko helburuen artean, sentsibilizazioa dago.

Udaletik, uraren erabilerak eta ustiapenak, ingurumenean ondorioak dituztela ulertarazi nahi dute. Herritar guztiek,uraren kontsumoa murrizteko erantzukizuna dutela gogora ekarri dute, eta ibai eta erreken kalitate ekologikoa ezaguturik, jasan dituzten kalteak eta egindako hobekuntzak baloratu nahi dituzte. Era berean, tolosarrak, etxeko ur kontsumoa murrizteko egintza xume batzuk praktikan jartzera inplikatzea nahi dute.

Lehen ekitaldia gaur izango da, eta bihar eta etzi ere izango dira.  Gaur, Ibiurko urtegira bisita egingo dute, doan. Gipuzkoako Urak dituen instalakuntzak ikusiko dituzte: urtegia eta tratamendu planta. Tolosatik autobusez irtengo dira 09:00etan eta 12:30ak aldera egingo dute buelta.

Bihar, Trianguloa plazan uraren inguruko informazio puntua jarriko dute. Bertara hurbiltzen denak, eta gutxienez lau konpromiso hartzen dituenak, zurrusta-haustekoa jasoko du. Honela,  bere etxean jarri, eta ur kontsumoa gutxituko du. Era berean, Tolosako ur kontsumoari buruzko datuak emango dituzte, eta baita ura murrizteko aholkuak ere. Gainera, jolas moduan galdera bat erantzun beharko da eta asmatzen dutenen artean bertako produktuekin betetako saski bat zozketatuko dute.

Bukatzeko, hilaren 23an, ostiralean, Samaniego Haur Hezkuntzako eraikina bisitatuko dute. Eraikina bioklimatikoa da, eta aurrezteko baliabideak eta eraginkortasun energetikoa ditu. Udal eraikin honek, uraren kudeaketari dagokionean zirkuitu bikoitza du. Teilatuko ura bildu eta depositu batera bideratzen du, hortik komunak eta lorategietako ureztatze sistema hornitzen dira.

Bisitaren ordutegia 11:00etatik 12:00etara izango da, eta izen emateko Tolosako ingurumen zentroko 943 65 25 44 telefono zenbakira deitu beharko da.

Haur liburutegian, berriz, egun hauetan liburutegira joaten direnentzat uraren inguruko liburu sorta bat egongo da eskura.

Ekitaldiak

Martxoak 21, gaur

09:00. Ibiur urtegira bisita egingo dute. Gipuzkoako Urak dituen instalakuntzetan bisita gidatua izango da. Urtegia eta tratamendu planta bisitatuko dituzte. 12:30ek aldera itzuliko dira.

Martxoak 22, bihar

09:00. Trianguloan uraren inguruko informazio puntua jarriko da. Tolosako ur kontsumoari buruzko datuak emango dira. Bertara gerturatu eta lau konpromiso hartzen dituenak zurrusta haustekoa jasoko du.

Martxoak 23, etzi

11:00. Samaniego ikastetxera bisita egingo dute. Haur Hezkuntzako eraikina bioklimatikotzat jotzen da, hau da, aurrezteko baliabideak eta eraginkortasun energetikoa ditu. Uraren zirkuitu bikoitza du.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!