Joxemari Iturralde: «Egunero lan egin behar da, eta horri deitzen zaio inspirazioa»

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko martxoaren 21a

Joxemari Iturralde (Tolosa, 1951) duela 35 urte Bilbon sortu zen Pott banda literarioko kideetako bat izan zen. Bernardo Atxaga, Manu Ertzila, Ruper Ordorika, Jon Juaristi eta Joseba Sarrionandiarekin batera hasi zuen bide hari jarraitu dio idazle eta irakasleak, eta gaztetxoentzako argitaratu berri duen liburuaz aritu da Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitzarekin.

Argitaratu berri duzu Frantzian Je t´aime esaten dute liburua. Zer kontatzen duzu bertan?

Gazte batzuen gorabeherak kontatzen ditut liburu honetan. Beren gurasoek Frantziara bidali dituzte oporretan, frantses hizkuntza ikas dezaten, eta esperientzia horren berri ematen dut nobela honetan.

Pedro Oses margolariak egin ditu liburuko irudiak. Lehenago ere marrazkirik jarri al dio zure lanen bati?

Bai, Pedro Oses margolari eta marrazkilari handia da, oso ezaguna. Lehendik ere lan egin izan dugu elkarrekin; Ijitoak dauzkat etxean eta Sute handi bat ene bihotzean liburuetako ilustrazioak berak egindakoak dira. Zorte hori izan dut.

Lehenago ere, haur eta gaztetxoentzako hainbat lan idatzitakoa zara. Zein da hartzen duzun abiapuntua, gazteentzako idazterakoan?

Idazteko modua, teknika, estiloa,… Dena aldatzen da gazte literatura egiterakoan. Oso desberdina da helduentzako edo gazteentzako lan egitea, eta beti izan behar da gogoan norentzat idazten ari zaren. Erabilitako hiztegia, pertsonaien sakontasuna, gertakizunen katramila,… Guztia hartu behar da kontuan.

Irakasle izateak nolabait laguntzen al dizu landu beharreko gaiak aukeratzerakoan?

Bai, zalantzarik gabe. Hainbeste urtetan gazteekin lan egin izanak zer nolako gustuak dituzten, liburuak irakurtzeko zenbaterainoko ohitura duten, nolako hizkuntza trebezia duten, asko edo gutxi irakurtzen duten, nahiz zer nolako literatura erreferentziak dituzten jakiten laguntzen du.

Liburu honetan, protagonistak bere herrian ikusi gabekoak ezagutzen ditu: hizkuntza, ohiturak, bizimodua, jendearen izaera, lehen musua,... Istorio honekin zer helarazi nahi izan duzu?

Adina oso garrantzitsua da. Nerabezaroko urte horietan hainbat gauza berri ikusten eta ikasten dira. Gaztetxoek jada badakite haurrak ez direla Paristik etortzen; badakite zer den maiteminduta egotea; badakite zer den lehen amodio porrota izatea; badakite oso bestelakoak direla gazteen eta helduen munduetan gertatzen diren gauzak; badakite gauza asko ezin direla esan edo  ezkutatu egin behar direla,… Eta hori guztia, gainera, beste mundu ezezagun batean gertatzen bada, kasu honetan Frantzian, guztiak hartzen du halako itxura berri bat, eta bizipen guztiek dute indar berezia.

Teknologien aroan, ez da erraza gaztetxoak liburuetara erakartzea. Nola ikusten duzu egoera, idazle eta irakasle zaren aldetik? Zer behar du literaturak, liburu batek, gaztetxoak erakartzeko?

Liburu batek interesgarria izan behar du, erakargarria izan behar du, indarra eduki behar du, tiradizoa izan. Eskola garaian, gainera, garrantzia berezia du irakaslearen lanak. Izan ere, irakasleak jakin egin behar du ikasleari literatur zaletasuna txertatzen, liburu egoki hori ikaslearen eskuan jartzeko zubi lanak egiten, bere gustuaren eta zaletasunaren arabera.

Idazleari esfortzu berezirik eskatzen al dio, zenbaitetan nerabe baten begietatik idazteak? Hizkuntzaren estiloa aldatu beharko da, ezta? Nola lantzen duzu hori?

Hori idazlearen profesionaltasunak eta teknikak lortzen du, urteen poderioz lor daiteke. Hortxe antzematen da idazlearen trebezia.

Zein dira gazteentzako eta helduentzako literatura egitearen desberdintasun nagusiak?

Lehen azaldu dudan moduan, guztia aldatzen da: teknika, hizkuntzaren erregistroa, pertsonaien sakontasuna nahiz argumentua bera.

Euskal literaturak olatu gainean dagoela ematen du Durangoko azokan. Egiazki, ordea, osasuntsu al dago sektorea?

Durangoko azoka urtean behin izaten da, eta lau egunez besterik ez. Nire ustez, ordea, urte osoan irakurri behar da. Badaude idazleak, badaude argitaletxeak eta badaude liburuak, baina irakurle gehiago behar ditugu, nola gazteak, nola adinekoak.

Zer egin liteke euskal hiztunak euskal literaturara gehiago erakartzeko?

Hainbat arlo eta eremutan lan egin behar da horretarako. Guk, idazleok, liburuak idatzi egiten ditugu. Gero, ordea, erakundeek, instituzioek, udalek edo kultur taldeek jarri behar dute martxan, liburua irakurlearengana iritsi dadin.

Idazterakoan, ba al duzu inspirazioa sortzen dizun txoko berezirik?

Etxean idazten dut, batez ere, nire estudioan. Eta inspirazioa lana da, ez dago besterik; lana, formakuntza eta ilusioa. Asko ikasi behar da, asko irakurri, eta gero, saiatu. Egunero lan egin behar da, eta horri deitzen zaio inspirazioa.

Zein aholku emango zenioke sormena duen hasiberri bati?

Irakurri egin beharko du etengabe, beste idazleek urteetan idatzitakoa, eta horrela, ikasten hasi. Irakurzaletasuna baldin badauka, ez zaio aholkurik eman behar. Baina zaletasunik ez baldin badauka, ere ez. Idazle berriak berez atera behar dira, aterako badira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!