Amalur jardunaldien barruan, Munduko ibaietan barrena izeneko hitzaldia eskainiko du gaur, 19:30ean, Topic aretoan, Anjel Cuerdok (Tolosa, 1973).
Munduko hainbat ibai izango dira gaur kontatuko duzunaren oinarri.
Bai. Ibaiak jaisten zergatik hasi nintzen kontatuko dut, eta ibaiek gizadiarentzat izan duten garrantziaz ere ariko naiz: kultura gehiena ibai baten altzoan sortu direla, esaterako. Kontinentez kontinente, ibai bakoitzaren bitxikeriak hizpide izango ditut, eta bereziki piraguan zeharkatutako ibaiez ariko naiz.
Egindako bidaietan hainbat gauza ikasiko zenituen. Horrek zure eguneroko bizitzan eragin al dizu?
Bai, noski. Azken finean, guztiok gara egunero ikusten dugun horren ondorio, eta bidaia bakoitzak zerbait eskaini dit; bai hausnartzera behartzen gaituzten alde negatiboak, eta baita esperientzia oso positiboak ere. Horrek guztiak, noski, eragina du nire izaeran.
Gaztetatik izan duzu bidaiatzeko zaletasuna. Nolatan hasi zinen?
14 urterekin hasi nintzen nire kontura bidaiatzen, eta Tolosan, ni baino askoz lehenago ere makina bat jende aritu izan da hitzaldiak-eta eskaintzen, eta gurasoekin joaten nintzen entzutera. Txikia nintzenean, gainera, jendea Nairobitarra autobus koloretsuan kanpora nola joaten zen ikusten nuen. Horrek guztiak eragin zidan bidaiatzeko grina, eta pixkanaka, nire proiektu txikietatik abiatu eta proiektu zabalagoetara joan nintzen. Hasieran, aurreztuta nuen diruarekin Londresera joan nintzen, eta denborarekin eremuak zabaltzen eta bidaia luzeagoak egiten hasi nintzen, leku asko ikusi beharrean, eremu bat sakonago ezagutzeko.
Hurrengo bidaia aurreikusi al duzu?
Nire semeekin eta hauen aiton-amonekin Nilo ibaiaren inguruetara joango naiz laster. Ez gara piraguaz eta bizikletaz ibiliko, modu tradizionalagoan egingo dugu bidaia, egoera ere desberdina delako, baina semeek sekulako ilusioa dute hara joateko.