Joxemari Iturralde: "Idazteko modua, teknika, estiloa,... Dena aldatzen da gazte literatura egiterakoan"

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko martxoaren 20a

Duela 35 urte, Bilbon sortu zen Pott banda literarioko kideetako bat izan zen Joxemari Iturralde (Tolosa, 1951). Bernardo Atxaga, Manu Ertzila, Ruper Ordorika, Jon Juaristi eta Joseba Sarrionandiarekin batera hasi zuen bide hari jarraitu dio idazle eta irakasleak, eta gaztetxoentzako argitaratu berri duen liburuaz aritu da Tolosaldeko eta Leitzaldeko HITZArekin, eta biharko papereko edizioan argitaratuko den elkarrizketaren aurrerapena da honakoa.

Argitaratu berri duzu Frantzian Je t´aime esaten dute  liburua. Zer kontatzen duzu bertan?

Gazte batzuen gorabeherak kontatzen ditut liburu honetan. Beren gurasoek Frantziara bidali dituzte oporretan, frantses hizkuntza ikas dezaten, eta esperientzia horren berri ematen dut nobela honetan.

Pedro Oses margolariak egin ditu liburuko irudiak. Lehenago ere marrazkirik jarri al dio zure lanen bati?

Bai, Pedro Oses margolari eta marrazkilari handia da, oso ezaguna. Lehendik ere lan egin izan dugu elkarrekin; Ijitoak dauzkat etxean eta Sute handi bat ene bihotzean liburuetako ilustrazioak berak egindakoak dira. Zorte hori izan dut.

Lehenago ere, haur eta gaztetxoentzako hainbat lan idatzitakoa zara. Zein da hartzen duzun abiapuntua, gazteentzako idazterakoan?

Idazteko modua, teknika, estiloa,… Dena aldatzen da gazte literatura egiterakoan. Oso desberdina da helduentzako edo gazteentzako lan egitea, eta beti izan behar da gogoan norentzat idazten ari zaren. Erabilitako hiztegia, pertsonaien sakontasuna, gertakizunen katramila,… Guztia hartu behar da kontuan.

Irakasle izateak nolabait laguntzen al dizu landu beharreko gaiak aukeratzerakoan?

Bai, zalantzarik gabe. Hainbeste urtetan gazteekin lan egin izanak zer nolako gustuak dituzten, liburuak irakurtzeko zenbaterainoko ohitura duten, nolako hizkuntza trebezia duten, asko edo gutxi irakurtzen duten, nahiz zer nolako literatura erreferentziak dituzten jakiten laguntzen du.

Liburu honetan, protagonistak bere herrian ikusi gabekoak ezagutzen ditu: hizkuntza, ohiturak, bizimodua, jendearen izaera, lehen musua,... Istorio honekin zer helarazi nahi izan duzu?

Adina oso garrantzitsua da. Nerabezaroko urte horietan hainbat gauza berri ikusten eta ikasten dira. Gaztetxoek jada badakite haurrak ez direla Paristik etortzen; badakite zer den maiteminduta egotea; badakite zer den lehen amodio porrota izatea; badakite oso bestelakoak direla gazteen eta helduen munduetan gertatzen diren gauzak; badakite gauza asko ezin direla esan edo  ezkutatu egin behar direla,… Eta hori guztia, gainera, beste mundu ezezagun batean gertatzen bada, kasu honetan Frantzian, guztiak hartzen du halako itxura berri bat, eta bizipen guztiek dute indar berezia.

Teknologien aroan, ez da erraza gaztetxoak liburuetara erakartzea. Nola ikusten duzu egoera, idazle eta irakasle zaren aldetik? Zer behar du literaturak, liburu batek, gaztetxoak erakartzeko?

Liburu batek interesgarria izan behar du, erakargarria izan behar du, indarra eduki behar du, tiradizoa izan. Eskola garaian, gainera, garrantzia berezia du irakaslearen lanak. Izan ere, irakasleak jakin egin behar du ikasleari literatur zaletasuna txertatzen, liburu egoki hori ikaslearen eskuan jartzeko zubi lanak egiten, bere gustuaren eta zaletasunaren arabera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!