Joan den astean atsedenaldi batez gozatu ondoren, larunbatean berriro ipini zen martxan areto futbolaren 2B maila. Aspaldian gertatzen ari den legez, beste kolpe gogor batekin talka egin zuen Tolosako Laskorainek, ligako azken txapelduna den Zierbena boteretsuaren etxera bisita egin ondoren. 5-0-eko emaitza zabalegia izan arren, arerio on baten aurrean makurtu behar izan zuten Javiren mutilek eta datozen jardunaldiei buruz buru ekitea egokitzen da orain gelditzen diren asteetan.
Aipatu bezala elektronikoak islatzen duen azken emaitza gogorregi bezala azaltzen da bi taldeek eginiko merituei erreparatuz gero, izan ere horitxoak lehiakor agertu baitziren neurketa osoan zehar eta bizkaitarrak estu hartzea ere lortu zuten minutu luzeetan zehar. Lehen zatia oso parekatua izan arren, 1-0-ekoa etxekoen aldera jausi zen tolosarrek defentsan eginiko lan bikaina lehen aldiz gaindituz.
Bigarren erdian Javiren mutilek berean jarraitu eta eskuzabaltasunez lanean aritu eta gero, une batzuetan Zierbenaren ikusmena lausotzea ere lortu zuten. Dena den, Murphyren legeak ez zuen bere txanda pasatzen utzi eta jokaldi eztabaidagarri batean 2-0-ekoa sartu zuten bizkaitarrek. Segidan etorri zen hirugarrena, eta gero atezain jokalariaren taktikak fruiturik ematerik ez eta 5-0-eko azken emaitzarekin jo zuen amaierako txirrinak. Argi dago zorteak ere ez duela ikastolakoen etxean oparirik utzi oraindik aurtengo denboraldian.
Datorren astean Kirol Sport hirugarren sailkatua jasoko du Laskorainek Usabalen. Zaila bezain zirraragarria izango den neurketa batean, taldea bizitzen ari den une gogorrak direla eta, zaletuen babesa behar-beharrezkoa izango da hemendik amaiera bitarte gelditzen diren jardunaldi urrietan. Mailari eusteko aukerak guztiz solidoak dira oraindik eta taldeak ez du bere azken hitza esateko asmorik erakutsi.
Larunbatean Zierbenan Javi delegatua, Alonso coach-manager-a, Javi entrenatzailea, Endika atezaina, Telleria, Gil, Lander, Ekhi, Alonso, Belloso, Etxebe, Murgi, Loitzun eta Aratz izan ziren beste behingoz Laskorainen izen ona defendatu zutenak.