Komertzioa kalera aterako da Braderie 2012 ekimenean

Imanol Garcia Landa 2012ko martxoaren 16a

Tolosa&Co merkatarien elkarteak Braderie 2012 ekimena antolatu du martxoaren 24rako, Tolosan. Kalitatezko produktuak prezio oso baxuetan erosteko aukera izango dela azaldu dute merkatariek. Komertzioen kanpoaldean jarriko dituzte salgai euren produktuak. 10:00etatik 20:30era zabalik egongo da Braderie 2012, eta eguerdian ez dute itxiko. Guztira 100 komertziok eta 22 tabernek parte hartuko dute. Hain justu, komertzio batean zerbait erosiz gero, txartel bat ematen dute eta horrekin 22 tabernetan pintxoa erosi dezakezu euro baten truke.

Tolosa&Co elkartekoak gustura azaldu dira aurten iaz baino komertzio askoz gehiagok parte hartzen dutelako; 55etik 100era pasatu dira. Horrez gain, bereziki poztu dira tabernek eman duten erantzunarekin, eta agerraldian tabernarien ordezkari bat izatea nabarmendu dute. "Gure helburua da elkartean komertzioek, tabernek eta zerbitzuek bat egitea", esan du Tolosa&Co-ko Fermin Montilla lehendakariak.

Berritasunak

Aurten hainbat berritasun izango dira ekimenean. Alde batetik, Tolosako erdialdean ez dauden komertzioentzako karpa batzuk jarriko dira San Frantzisko etorbidean, artxiboaren aurrean, beraien produktuak salgai izateko. Horrez gain, ondoan beste karpa batzuk izango dira, Tolosa&Co Visa txartela egin ahal izateko, eta eguna girotzeko, elkarrizketa eta musikaren bitartez.

Beste berritasun bat ludoteka izango da. Kultur etxean jarriko da, 17:00etatik 20:30era, eta 3 urtetik 10 urte ingurura arteko haurrentzat zuzendua izango da. "Haur bakoitzeko euro bat ordaindu beharko da", esan dute elkartekoek. "Zerkausiko leku bat ere atonduko dugu, haurrekin ekintzak egin ahal izateko", gaineratu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!