Txikitatik kirola egin du Igor Aranburuk (Tolosa, 1969). «Nire gurasoei esker daukat gaur egungo kirol zaletasuna», esan du Aranburuk. «Beti izan dira nire ondoan eta erraztasun guztiak eman dizkidate kirolaz gozatzeko. Beti ere, askatasunez eta behartu gabe». Orain lau urte dago Mahala Tolosaldeko Traitloi Taldean (TTT), eta azken bi denboralditan parte hartu du neguko triatloietan. Iaz Euskadiko Txapelketa irabazi zuen taldeka, eta aurten txapelketa beraren banakako saria eskuratu du.
Nola prestatu duzu aurtengo denboraldia?
Irailetik hasi nintzen pixka bat prestatzen. Aurten Euskal Herriko Mendi Duatloiko Txapelketa egin da lehenengo aldiz, eta zortzi probetatik lautan parte hartu nuen. Urtarrilean Jakan egin zen Espainiako Txapelketan parte hartu nuen. Gero, Ansokoan ere parte hartu nuen. Reinosakoa bertan behera gelditu zen, eguraldi arazoengatik.
Zer moduz joan zen Espainiako Txapelketa?
Lehenengo ezustekoa hor eman nuen. Zortzigarren amaitu nuen (….). Ikusi nuen entrenamenduak emaitzak ematen ari zirela eta motibatuta bukatu nuen txapelketa hori. Esperantzak banituen txukun aritzeko, eta lehenengo hamar postuetan bukatzen banuen, emaitza ona izango zen. Hala izan zen eta horrek motibazio gehiago eman zidan aurrera jarraitzeko.
Eta Isaban, bosgarren bukatu zenuen, eta Euskadiko Txapelketa eskuratu zenuen. Hor aurrean egotea espero zenuen?
Espainiako Txapelketan nire aurretik bukatu zuten batzuk ez zuten parte hartu, baina maila ona ere bazegoen. Aukerak ikusten nituen aurrean egoteko.
Proba gogorra izan omen zen.
Eguraldiak ez zuen lagundu, egia esan. Hotz handia ez zuen egiten, baina korrika hasterako euri pixka bat hasi zuen, eta bizikleta hartu genuenerako bustita geunden. Bizikletarekin goraka joan ginen eta lainotuta zegoen, hotz handiagoa egiten zuen eta elur busti pixka bat ere bota zuen. Pertsona batzuek ez zuten proba amaitu. Proba oso biziak dira, bi ordutan esfortzu handia egiten duzu, eta beraz exijentzia handia da.
Eta nola joan zen lasterketa?
Proba hasi zen eta seiko talde bat aritu ginen korrika. Laugarren iritsi nintzen boxetara, eta gero hirugarren atera nintzen handik. Bizikletan aurretik zihoazen bi nafarrak pixkana harrapatu nituen, eta hiruak ondo moldatu ginen erreleboak ematen mendatea igotzen hasi arte. Hor batek alde egin zuen, eta ni bigarren joan nintzen, baina kataluniar batek harrapatu ninduen, eta, beraz, hirugarren iritsi nintzen eskiatzen hasteko zatira.
Nola ikusten zenuen hor zure burua?
Hor pentsatzen hasi nintzen podiumean sartzea banuela eta Euskadiko txapeldun ere izango nintekeela. Kataluniarra, bigarrena, bi minutu eta erdira nuen, eta hura harrapatzen saiatu nintzen. Pixka bat emozionatu nintzen. Lehenengo itzulian 40 segundo jan nizkion, baina bigarren eta hirugarren itzulian hustu egin nintzen, eta gero atzetik beste bi nafar etorri ziren eta azkenean bosgarren geratu nintzen, laugarrenetik bost segundora. Gustura geratu nintzen, lasterketan hor aurrean ikusi nintzelako. Horrek asko motibatzen du.
Eta zer suposatzen du zuretzako Euskadiko txapeldun amaitzea? Orain arte lortutako lorpen handiena da?
Pertsonalki bai. Inongo lorpenik izan gabe, izan ditut beste probetan sentsazio onak. Oroitzapen onak ditut, baina maila honetan ez nuen sekula irabazi txapelketa bat. Egian esan, ezustekoa izan da.
Aurrera begira zer asmo duzu?
Neguko triatloien denboraldia bukatu da. Martxoaren bukaeran Frantzian triatloi bat badago. Paun hasi eta Aubisqueko eski pistetan bukatzen da. Hor parte hartzeko asmoa daukat. Hortik aurrera kirola egiten jarraituko dut, baina presio gutxiagorekin. Nire helburua neguko triatloiak ziren. Orain gogoa dudanean duatloi batean edo triatloi batean parte hartzeko, horretan saiatuko naiz, baina helburu finkorik gabe.