Antxon Arza: «Piraguak bestela iristen ez zaren lekuetara joateko aukera ematen dizu»

Imanol Garcia Landa 2012ko martxoaren 14a

Ur Bideak izenburupean antolatu dituzte aurtengo Amalur jardunaldiak Tolosan. Lehenengo hitzaldia ostiralean izango da, Topic-en, 19:30ean. Antxon Arza (Iruñea, 1962) izango da lehen hizlaria. Ur lasterretan aitzindari izan da Pirinioetan, eta kontinente guztietan izan da Al filo de lo imposible telebista saioarekin hainbat ibai handi zeharkatuz piraguarekin. Istripu baten ondorioz paraplegiko geratu zen, eta orain gurpildun aulkia erabiltzen du. Horrek ez dio kirola egitea eta naturaz gozatzeko gogorik kendu. Igeriketa, piraguismoa eta urpeko igeriketa egiten jarraitzen du, eskiatzen du, eta basamortutan bidaiatu izan du quad-ekin.

Zertaz ariko zara hitzaldian?

Txikitan hasi nintzen joaten mendira gurasoekin eta hori kontatuko dut, gaztetan eskalada egiten aritu nintzela ere aipatuko dut, eta aurrerago, Al filo de lo imposible programarekin egindako proiektuak ere izango ditut hizpide. Beste proiektu batzuk ere egin nituen, eta horietako batean izan nuen istripua, eta hori ere kontatuko dut. Istripua gertatu eta gero hegalak mozten zaizkizu baina zure ametsak eta ideiak jarraitzen dute, eta nola lagunekin eta jarrera positibo batekin lortu dezaken beste gauza batzuk egitea. Eta erakutsiko dut nola eskiatzen dudan aulki batean, nola urpeko igeriketa egiten dudan...

Istripua izateak ez dizu oztopatu gustuko gauzak egitea. Eredu bat izan zaitezke?

Hala esaten dute, baina niretzat normala da; gauza berbera egiten duten beste asko ikusten ditut elurretan edo uretako eskia egiten. Hemen gero eta gehiago ikusten ditut horrelako gauzak egiten dituztenak.

Bi modutara bizitu dituzu hainbat bidaia, abentura eta kirol. Zenbaterainoko garrantzia du buruak eta zenbat gorputzak, bizipen horietan?

Burua da beti gorputzaren jabea. Hasieran mapa berri bat egin behar duzu, zure gorputza berriz ezagutzeko. Baina behin ohituta bazaude, gogoa baduzu eta talde on batekin bazaude, gauza pila bat egin ditzakezu berriz. Nik kirola egiten jarraitzen dut.

Nola deskribatuko zenuke zer den ibai batetik joatea piraguan?

Asko gustatzen zaidan zerbait da. Zuk zure ezagutza eta ibaiaren indarra erabiltzen dituzu, eta horiekin nahi duzun lekuraino joan zaitezke. Ur lasterretatik zoazenean, hiru dimentsioetako sentsazioa da, ura goian eta behean dagoelako, eta hori izugarri polita da. Gainera, piraguak bestela iristen ez zaren lekuetara joateko aukera ematen dizu.

Munduko hainbat txokotan izan zara. Horietatik zein gustatu zaizu gehien?

Txile oso polita da. Bertako ibaiak oso garbiak dira eta mendiak oso ederrak. Piraguaz ibiltzeko oso leku polita da. Nepal ere oso berezia da, ibai oso ederrak daude.

Modu askotako ibaiak ezagutuko zenituen; batzuk garbiak, beste batzuk kutsatuagoak?

Esate baterako, Korsikan orain 15 urte izan ginen, eta han autoak ibaira botatzen zituzten, autoen hilerriak ziren. Andorran zabor guztia ibaira botatzen zen, eta Luzaiden ere hori ikusi izan dut. Zorionez horrelako gauzak aldatzen doaz, baina oraindik ibaiak planetaren estoldak dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!