Hitzarmena sinatu du udalak euskarazko komunikabideekin

tolosa 2012ko martxoaren 14a

Tolosako Udalak hitzarmena sinatu du eskualdeko euskarazko komunikabideekin, hau da, Galtzaundi Euskara Taldearekin, Txolarre irratiarekin, 28 Kanalarekin eta Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza egunkariarekin. Sinatze ekitaldian, Ibai Iriarte alkateak azaldu duenez, hitzarmena behar beharrezkoa da, izan ere, «euskarazko presentzia bermatu behar dugu» , esan du.

Era berean, hitzarmenaren helburua euskara tolosarren «komunikazio, transmisio eta eguneroko hizkuntza» izateko laguntza ematea dela esan du. «Gure erreferentziako komunikabideak zarete eta zerbitzu oso garrantzitsua ematen diezue herritarrei. Egoera ekonomikoa beti izan da zaila euskarazko komunikabideentzat, baina orain gehiago, eta guk lagundu egin behar dugu», gaineratu du.

Bere aldetik, Inaki Irazabalbeitiak, Hizkuntza Politika eta Hezkuntza batzordeko buruak, Tolosako udal gobernuarentzat euskarazko komunikabideak oso garrantzitsuak direla esan du, eta Tolosan komunikazio hizkuntza euskara behar duela izan gaineratu du. «Euskarazko komunikabideak erreferente izan behar dira», gaineratu du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!