Larunbatean martxan jarri den Ahoz Aho jaialdiaren aurkezpena egin dute. Izan ere, bihar hasi eta igandera arte hainbat ekitaldi izango dira Tolosan. Tartean, ostiralean Leidor aretoan egingo den ahozkotasunaren gala.
Aurkezpenean, antolatzaile lanetan aritu diren Intujai taldeko May Gorostiaga eta Bea Larrañaga, Joxe Mari Karrere eta Irantzu Mantxo ipuin kontalariak eta Edurne Mendia Kultura zinegotzia izan dira. Guztiek nabarmendu eta aldarrikatu dute ahozkotasunaren garrantzia eta horrelako jaialdi batez gozatzeko aukera izatea Tolosan.
Leidor aretoko galaz gain, beste hainbat lekutan izango dira saioak, May Gorostiagak azaldu duenez: «Gure asmoa izan da jaialdia hainbat txokotara zabaltzea. Auzo elkarteetan –Amarotz, Otsabi, San Esteban–, tabernetan –Orbela eta Errota–, Bonberenean eta HHIn egingo dira emanaldiak». Haur eta helduei zuzendutakoak izango dira. Joxe Mari Karrerek, bere aldetik, parte hartuko duten kontalari guztiak ekartzeko egin den ahalegina nabarmendu du. Hain justu, nazioarteko kontalariak izango dira Tolosan egunotan eta herriko eta eskualdekoak ere bai. Tolosatik, Irantzu Mantxok, Ginars afrikar dantza taldeak eta Pailaztana klown taldeak parte hartuko dute, eta Jone Gorostarzu berastegiarrak ere bere lekutxoa izango du ostiralean egingo den galan. Emanaldi guztiak doan izango dira, Leidor aretoko gala izan ezik. Horretara joateko sei euroko sarrera ordaindu beharko da.
Egitaraua
Martxoak 15, bihar
16:00. Laura Dippolito eta Jhon Ardila, Helduen Hezkuntza Iraunkorrean.
17:30. Apika, Amarotzen, haurrei zuzenduta.
20:00. Enekora eta Falilou Diagne, Otsabin.
22:30. Irantzu Mantxo eta Jhon Ardila, Orbela tabernan.
Martxoak 16, etzi
18:00. Badut eta Sasa Guadalupe, San Estebanen.
20:30. Ahozkotasunaren gala nagusia, Leidor aretoan.
Martxoak 17, larunbata
11:30. Apika, Bonberenean, haurrei zuzenduta.
17:00. Irantzu Mantxo eta Laura Dippolito, Otsabin.
23:30. Badut eta Gonzo Velazko, Errota tabernan.
Martxoak 18, igandea
11:30. Alabazan, Bonberenean, haurrei zuzenduta.