Rajoiren gobernuak onartu duen lan erreformaren aurka izango den greba orokorraren atarian, eta lan harremanetarako euskal esparruaren beharra aldarrikatuz, giza katea egingo dute larunbat honetan, Tolosako LAB sindikatuak, Bilgune Feministak eta gazte independentistek.
LAB sindikatuko ordezkariek azaldu dutenez, «2008an krisia lehertu zenez geroztik, hainbat erreforma jasan» dituzte euskal langileek. Adibide moduan, honakoak aipatu dituzte: 2010eko ekaineko lan erreforma, 2011ko urtarrileko pentsioen erreforma, 2011ko ekaineko negoziazio kolektiboaren erreforma eta 2011ko abuztuko lan erreforma nabarmendu dituzte.
Honen aurrean, sindikatu abertzaleak «langileek gero eta eskubide gutxiago» dituztela diote: «Pentsio duin bat izateko eskubidea erabat murriztu digute». Bide honetan, Madrilen onartu duten lan erreforma «euskal langileriaren aurkako eraso latza» dela uste dute, eta «benetan ondorio larriak» ekarriko dizkiela langileei. Hasteko, jada lanean ari direnei eragingo diola azpimarratu dute, erreformak «jada lanean ari direnei eragiteko mekanismoak ezartzen dituelako». Halaber, langabetuei ere onurarik ez diola ekarriko azaldu dute, «erreformak ez duelako enplegurik sortuko, suntsitu baino». Azkenik, merkatuari ere erreferentzia egin nahi izan dio sindikatuak: «Enpleguak ez du bizi baldintza duinik ziurtatuko».
Egoera honen aurrean, Tolosako Bilgune Feministak «kapitalismo patriarkalaren ondorioa begi bistakoa» dela nabarmendu du: «Eskualdeko langabezia tasa handiena emakumeona da, eta horri emakumeon zati handi bat tasa horretatik kanpo geratzen dela gehitu behar diogu. Izan ere, biztanleria aktibotik at gaude emakumeon kopuru handi bat». Era berean, jardunaldi partzialetako langile gehienak emakumeak direla azpimarratu dute, eta baita sektore feminizatuetako lan baldintzak «kaskarragoak» direla ere. Finean, Rajoiren erreformak «egoera honen sakontzea» ekarriko duela diote: «Absentismoagatiko kaleratzeek emakumeoi eragingo digu gehienbat, baita jardunaldi partzialetan aparteko orduak egiteko aukerak ere. Emakumeok gehiengoa garen, eta desarauturik dauden sektoreak, are gehiago desarautuko dira gure antolatzeko ahalmena eta indarra mugatuz».
Tolosako gazte independentistek, berriz, neurri berriek «gazte izate soilagatik» eragiteaz gain, «langileriaren zati izateagatik ere eragiten dietela uste dute: «Oraina eta etorkizuna baldintzatzen dizkigu erreformak».
Lan erreformaren aurka borrokatzeko «hamaika arrazoi» dituztela gaineratu dute gazteek, eta besteak beste, honakoak aipatu dituzte: formakuntza kontratuak 30 urtera arte luzatuko dituztela, eta hiru urteren ondoren, enpresak berriro ezarri ahal izango du eta formakuntza kontratua; belaunaldi berriak «edozein momentutan» kaleratuak izango direla diote; azkenik, negoziazio kolektiborako eskubiderik ez dutela izango salatu dute. Honi guztiari, gaur egun Tolosako enplegu bulegoan 25 urte azpiko 249 langabetu daudela gaineratu diote gazteek.
Euskal langileen esparrua
Agerraldian, krisia lan erreformaren benetako arrazoia ez dela azaldu dute eragileek, eta aitzakia moduan erabili dutela: «Patronalak boterea ia mugarik gabe handitzeko aitzakia da. Erreformak ahalmen handiagoa ematen dio patronalari, kaleratzeko, soldatak jaisteko eta hitzarmen kolektiboak ez betetzeko».
Espainiako gobernuaren erreforma berria, EAJren abstentzioaren laguntzaz onartu izana ere gaitzetsi dute. Honen harira, Tolosaldean bertan EAJk hartutako erabakiak «pairatu» dituztela nabarmendu dute, «industriarako lurrak suntsitu, eta birkalifikazioarekin etxebizitzak sortu» dituztela salatuz. Eskualdean kaleratuak izan diren langileen datu zehatzak eman dituzte jarraian: Gorostidin 169, Tolosanan 62, Amarozen 100 eta Salvadoran 146.
Horrela beraz, lan erreforma berriak lan harremanetarako euskal esparrua eratzea eta eraikitzea «behar-beharrezkoa» dela erakusten duela nabarmendu dute agerraldian, eta eredu sozial bat aldarrikatzeko, datorren larunbatean, 12:00etan, Trianguloan hasiko den giza katean parte hartzeko deia egin dute.