Tolosako Udalak hitzarmena sinatu du gaur egurdian, eskualdeko euskarazko komunikabideekin. Hau da, Galtzaundi Euskara Taldearekin, Txolarre irratiarekin, 28 Kanalarekin eta Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza egunkariarekin.
Ibai Iriarte alkateak azaldu duenez, hitzarmena behar beharrezkoa da, izan ere, "euskarazko presentzia bermatu behar dugu" , esan du. Era berean, hitzarmenaren helburua euskara tolosarren "komunikazio, transmisio eta eguneroko hizkuntza" izateko laguntza ematea dela esan du. "Gure erreferentziako komunikabideak zarete eta zerbitzu oso garrantzitsua ematen diezue herritarrei. Egoera ekonomikoa beti izan da zaila euskarazko komunikabideentzat, baina orain gehiago, eta guk lagundu egin behar dugu" , gaineratu du.
Inaki Irabazabalbeitiak, Hizkuntza Politika eta Hezkuntza batzordeko buruak, bere aldetik Tolosako udal gobernuarentzat euskarazko komunikabideak oso garrantzitsuak direla esan du, eta Tolosan komunikazio hizkuntza euskara behar duela izan gaineratu du. "Euskarazko komunikabideak erreferente izan behar dira", gaineratu du.