Larunbatean martxan jarri den Ahoz Aho jaialdiaren aurkezpena egin dute. Izan ere, ostegunean hasi eta igandera arte hainbat ekitaldi izango dira Tolosan. Tartean, ostiralean Leidor aretoan egingo den ahozkotasunaren gala. Aurkezpenean antolatzaile lanetan aritu diren Intujai taldeko May Gorostiaga eta Bea Larrañaga, Joxe Mari Karrere eta Irantzu Mantxo ipuinkontalariak eta Edurne Mendia Kultura zinegotzia izan dira. Guztiek nabarmendu dute ahozkotasunaren garrantzia eta horrelako jaialdi batez gozatzeko aukera izatea Tolosan.
Leidor aretoko galaz gain, beste hainbat lekutan izango dira saioak, May Gorostiagak azaldu duenez: "Gure asmoa izan da jaialdia hainbat txokotara zabaltzea. Auzo elkarteetan –Amarotz, Otsabi, San Esteban–, tabernetan –Orbela eta Errota–, Bonberenean eta HHIn egingo dira emanaldiak". Haur eta helduei zuzendutakoak izango dira. Nazioarteko kontalariak izango dira Tolosan egunotan eta herriko eta eskualdekoak ere bai. Tolosatik, Irantzu Mantxok, Ginars afrikar dantza taldeak eta Pailaztana klown taldeak parte hartuko dute, eta Jone Gorostarzu berastegiarrak ere bere lekutxoa izango du ostiraleko galan. Emanaldi guztiak doan izango dira, Leidor aretoko gala izan ezik. Horretarako sei euroko sarrera ordaindu beharko da.