Ziburun asteazkenean izan zen Manu Azkarate tolosarraren atxiloketaren harira, Gernikako akordioa sinatu zuten taldeak egoera hori salatzeko elkartu dira. Atxiloketa gehiagorik ez egiteko esan dute: «Manu Azkarate, preso ohia, gaixotasun larria duena, mendeku politiken protagonista dugu egun. Herri honetan ez dugu horrelakorik onartzen, eta bi estatuei iraganeko errezetak utzi eta zabaldu den egoera berriari arduratsu erantzutea exijitzen diegu».
Bilgune Feminista, Esait, EHNE, LAB, Aralar, Eusko Alkartasuna eta ezker abertzalea, Manu Azkarateren lagun, senide eta beste eragile batzuekin batera izan dira agerraldian. Euskal Herrian «hamarkada luzeetan pairatu izan den gatazka politikoak» aro berri bati eman diola bidea adierazi dute bertaratutakoek. «Bide honetan, Aieteko bake konferentziak alboratu ezineko oinarria edo ibilbide orria marraztu du. Gatazkaren ondorioei eta erroei modu egokian eta demokratikoan erantzun ahal izateko, ibilbide orri honek, herri honen gehiengoaren babesa berekin du», nabarmendu dute.
Aieteko ondorioei erantzun gabe, «Estatu espainiarreko eta Frantziako gobernuek ezin dute denbora gehiago iraun», gaineratu dute. «Salbuespeneko legedi zein jokabideekin jarraitu ezin duten bezala», diote.
Manu Azkarate tolosarrak gaur, Pauen, epailearen aurrean izan behar duela ekarri dute gogora agerraldian. Euroagindu eskaeraren aurrean gerta daitekeena salatu dute, eta elkartasuna adierazi asmoz, mobilizaziora deitu dute. Gaur, 20:00etan, Tolosako Trianguloa plazan elkartuko dira, Konponbide garaia da. Manu etxera lelopean.