Martxoko bigarren asteburuan kultura nagusi izango da Tolosan. Bai gaur eta bai bihar, Emakumearen Nazioarteko egunaren harira antolatutako ekitaldiak izango dira, eta baita bestelakoak ere, heldu, gazte eta haurrentzat.
Tolosako Udalaren neguko kultur egitarauaren barruan, eta martxoaren 8ko aldarrikapenekin lotutako AurrezAurre egitasmoan, Sin Balas antzezlana ikusgai izango da gaur, 20:30ean, Leidor aretoan. La Grotesqués antzerki taldeko Cristina Gallego eta Elena Lombao ariko dira taula gainean, western generoan oinarrituriko antzezlanarekin. Bide honetan, denboraz, diruaz, baloreaz, botereaz, laguntasunaz nahiz emakumeaz ariko zaizkie ikusleei, komedia buruargi, malenkoniatsu eta zentzugabean.
Las Grotesqués taldea 1998. urtean sortu zuten, Madrilgo Goi Mailako arte dramatikoen antzerki eskola batean, eta urte hartan bertan taularatu zuten beren lehen antzezlana. Arrakasta eta komunikabideen kritika onen zaparrada 2004ko ekainean iritsi zitzaien, ordea, En ocasiones veo armarios (leer susurrando) izeneko lanarekin. Hainbat bira egin zituzten antzezlanarekin, eta pixkanaka ezagun egin ziren, telesailetan parte hartzera iritsi arte.
Emakumearen eguneko aldarrikapenekin jarraituz, AurrezAurre egitasmoko emakume artisten erakusketa ere gaur bertan inauguratuko dute Aranburu jauregian. 19:00etan hasiko da ekitaldia, eta Berdintasun Sarien banaketaz gain, mokadutxoa egiteko aukera ere izango dute bertaratuek. Datorren apirilaren 14a bitarte ikusgai izango den erakusketan, honako artisten lanez gozatu ahal izango da: Maider Zunzunegi, Agara Agirre, Idoia Elosegi, Arantxa Munita, Maialen Zabalza, Oihana Ugarte, Naiara Delgado, Nisa Goiburu, Cristina Zaldivia, Nerea Ugarte, Txitxi, Julia Torrado, Eider Elduaien, Itziar Bastarrika, Amaia Gaztañaga, Helena Cancelo, Maria Cueto, Cristina Gómez, Paula Fleming, Idoia Sánchez, Ester Poveda, Vanessa Alzate, Susana Segurola, Ana Belen Jarrín, Dolo Navas, Tytti Thusberg, Miren Gonzalez eta Miren Atxaga.
Azkenik, ostiraleko jarduerekin amaitzeko, The Back Tracks taldearen kontzertua izango da Errota tabernan. 2010ean sortutako musika taldea da, eta hasieratik izan dute helburu moduan, soul, blues eta rock musikaren klasikoen bertsioak eskaintzea, era akustikoan. Gorka Azpirozek, Jon Airak eta Sergio Villarrek, Al Green, Bobby Womack, Jimi Hendrix, Stevie Ray Vaughan, Gov't Mule, Frankie Miller, nahiz The Black Crowes bezalakoen kantuak dituzte errepertorioan, eta 2011ko udazkenaz geroztik dabiltza inguruko tabernetan kontzertuak eskainiz.
Askotariko musika bihar
Biharko jarduerak, Urkizu auzoan hasiko dira, 15:30ak inguruan, Emakumearen eguneko ospakizunarekin.
17:00etan, Tolosako Musika Bandaren kontzertua izango da Uzturre Asistentzia zentruan. Emanaldiko berrikuntza nagusia, zuzendaria eta oholtza izango dira. Izan ere, musika bandak lehen aldiz eskainiko du kontzertua Uzturre Asistentzia zentruan, eta Enrike Arostegi bandako zuzendari berriaren lehen kontzertua izango da era berean.
Errepertorioari dagokionez, egoitzako entzuleei ezagunak suertatuko zaizkien doinuak aukeratu ditu Tolosako Musika Bandak; euskal doinuak nahiz kanpokoak eskainiko dizkiete. Julio Nuez musikariaren Honrando a Navarra pasodoblearekin hasiko dira, eta J. Olivadotiren South of the Rio piezarekin jarraituko dute. Hirugarren obra, berriz, J.M. Lacallek konposatutako, eta Nachiro Iwai-k moldatutako Amapola izango da. F. Berhaerts-ek moldatutako Tom Jones in Concert interpretatuko dute ondoren, eta azkenik, kontzertua amaitzeko, L. Martinez-Manso Ruiz musikariaren Entre el Galindo y el Cadagua eskainiko dute.
Haur eta gaztetxoek ere izango dute asteburuan, zer ikusi eta zer entzun. Topic zentroko aretoan, bihar, 18:30ean hasiko da Iluminando la noche izeneko emanaldia, Del Redoble Teatro y Títeres taldearen eskutik. Txikitan sortzen diren zenbait beldurri aurre egiten irakastea da emanaldiaren helburua, eta horretarako, Juanito, Negra eta Remedios pertsonaiek bidaia batera gonbidatuko dituzte haurrak, gauaren kolore guztiak ezagutzeko; ibilbidean kilkerren iratzartzea, izarren argia, ilargia nahiz Don Saturno ezagutuko dituzte. Antonio Sanchez zuzendariaren, eta Begonia Santalices eta Claudia Verdecchia aktorren ustez, «gauaren lagun egiten garenean, indartsuago bihurtzen gara gure beldurrak gainditzeko». Horregatik, «funtsezkoa da helduek beldur asmaturik ez sortzea».
Musikari eta sortzaile gazteak ezagutzeko aukera ere izango da bihar, 19:00etan, kultur etxean. Eider eta Gorka Zabaleta anai-arrebek kontzertua eskainiko dute. Txikitatik Errenteriako Andra Mari abesbatzan ibilitakoak dira, eta interpretatzen dituzten abesti eta hitz guztiak, Gorka Zabaletak berak sortutakoak dira. Euskal Herriko kantuei, pop-ari, country-ari nahiz Irlandako baladei jarraitzen diete Oiartzungo anai-arrebek, eta doinuak a cappella, gitarra akustikoarekin eta gitarra elektrikoarekin eskaintzen dituzte.
Azkenik, urteroko brasildar festak ez du hutsik egingo Bonberenean. 22:00etan hasita, goizaldera bitarte, Brasilgo doinu eta erritmoak entzun ahal izango dira Mulamboren eskutik, eta caipirinha edari brasildarra eskainiko dute.