Bilduk leporatu dion ustelkeria gezurra dela esan du EAJk

Imanol Garcia Landa 2012ko martxoaren 8a

Tolosako EAJk aurreko astean Tolosako Bilduk esandakoari erantzun dio agerraldi batean. EAJk zehaztu duenez, "Bilduk EAJri leporatzen dio ustelkeripean dagoela. Hori gezurra da, eta hori pentsatzen duenak eta frogak dituenak, epaitegietara jo beharko du zalantzarik gabe". Bilduri "joko zikina" egitea leporatu dio EAJk, "egoerak gainditu egiten duela ezkutatzeko, besteei zikinkeria leporatzen" ari dela dio. "EAJk garbi jokatu du proiektu honen garapenean eta ezin zaio leporatu hedabideen bidez ustelkeriak jota dagoela, hautagaien edo alderdiaren izena zikinduz".

Voith-Gorostidiko eremuarekin "leporaino konprometitua" dagoela esan du EAJk. "Berau izan da tolosar gazteei aukera eman diena etxebizitza duina eskura izateko", gaineratu du. Eremu horretan %60tik gora  etxebizitzak babestuak, 470 etxebizitza inguru, direla esan du, eta Tolosan dagoen "etxebizitza premiari neurri batean aurre egin" diola zehaztu du alderdi jeltzaleak. "Ez da tamaina honetako proiekturik garatu urte askotan ez Tolosan eta ez ere tamaina bereko Gipuzkoako udalerriren batean. Beraz, burutu den proiektu honetaz arro gaude", nabarmendu du. Voith-Gorostidi eremuan zeuden enpresek "beste leku egokiago batetara, Apatta Errekara, joateko aukera" izan dutela esan du, "azpiegiturak hobetuz", eta horrek berarekin batera "inguruaren erregenerazioa" ekarri duela gaineratu du.

Horrez gain, EAJk EA aurreko bi legealditan gobernu batzordean egon dela nabarmendu zuen eta Tolosako Hirigintzako Plan Orokorrari baiezkoa eman ziola bere prozedura osoan. "Bertan jasotzen da gaur egun Voith-Gorostidi eremuak duen etxebizitza dentsitatea eta Larramendi kalearen lurperatzea. Gaur egun dirudienez ez du horrela ikusten", esan du EAJk. Alderdi jeltzalearen iritziz, "honek adierazten du bere iritzi politikoa koiuntura politikoaren arabera aldatzen dela eta gaur egun ezker abertzaleak irentsi egin duela bere berezko nortasuna galduz".

EAJk gaineratu duenez, "ezker abertzaleak hartu duen jarrerarekin bere ezintasuna estali nahi du". EAJk adierazi  du "tolosarron alde" lanean jarraituko duela "etxebizitza plana garatzen, etxebizitza babestuak eraikitzeko bideak proposatzen, ezin dutenentzat alokairuzko etxebizitzen eskaintza handitzeko proposamenak egiten. Azken batean tolosarren ongizatea indartzen". EAJk gaineratu duenez, ez dira "deskalifikaziotara jaitsiko" eta oposizioa egingo dute, " baina oposiziotik ere proposamenak" luzatuko dituztela esan dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!