Gipuzkoako bederatzigarren Trialsin txapelketako laugarren saioa Tolosan jokatuko dute igande honetan, lehenengoz, Usabal kiroldegiko skate park berriaren aldamenean prestatu duten zirkuituan.
Pasa den urtarrilaren 29an Hernanin hasi zen Trialsin txapelketa, eta geroztik, Pasai Donibanen eta Aretxabaletan ere izan dira saioak. Tolosakoaren ondoren, hilaren 25ean Oñatiko Arantzazu santutegiaren ondoan antolatuko duten biketrial txapelketa izango da ligako azkena.
Igandean, 10:30ean hasiko da proba, eta 13:30era bitarte ariko dira, kirolari profesionalak nahiz afizionatuak. Usabalgo skate parkaren ondoan prestatu dute probarako zirkuitua, eta Tolosa Biketrial taldeko entrenatzailea den Unai Iraolak azaldu duenez, Tolosako Udalak baimena eman die, gerora ere zirkuitua kiroldegian gera dadin: «Modu honetara, kirol hau gustuko duen edonork entrenatzeko aukera izango du bertan». Guztira, enbor eta arranpaz osatutako sei eremu artifizial eraiki dituzte, jauziak egiteko altuera egokiarekin.
Antolatzaileek herritarrei parte hartzeko deia luzatu diete, eta horretarako, 10:00etan izen-ematea irekiko dute. Bost euro ordaindu beharko dituzte, eta arduradunek azaldu dutenez, Usabalgo biketrialeko zirkuitua behar bezala egokitzera bideratuko dute bildutako dirua. Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Eskola Kirola egitasmoaren bidez, bertaratzen diren neska-mutilek zirkuituan ibiltzeko aukera izango dute izena emanda; Gipuzkoako Txirrindularien Federazioak sei bizikleta eta kasko utzi dizkiete antolatzaileei horretarako.
Tolosako biketrial probak irauten duen bitartean, Tolosa Biketrial taldeko postua jarriko dute arduradunek, kamisetak saltzeko, eta saioaren amaieran, Tolosaldeko bizikleta denden eskutik, kirol materiala zozketatuko dute.
Etorkizuna duen talde berria
Mendiko bizikletarekin oztopoz betetako ibilbide bat burutzean datzan kirol honetan, hasiberriak dira Tolosa Biketrial taldeko haur eta gaztetxoak. Horrek ez die, ordea, emaitza onak lortzea oztopatu.
Horren erakusle da Irene Caminos tolosarra. 13 urterekin Euskadiko txapelduna izatea lortu du kirol honetan. Unai Iraola entrenatzaileak azaldu duenez, gainera, taldea iaz baino hobeto hasi da aurten, eta aurrera jarraitzeko gogoz lanean ari dira.
9 eta 13 urte bitarteko lauzpabost gaztetxok osatzen dute taldea, eta orain dela gutxi 5 urteko kide berri bat hasi da ikasten. Jose Mari Caminosek azaldu duenez, eurak dira gogo eta ilusio gehien jartzen dutenak, eta hain zuzen ere, neska-mutilek sortu dute Tolosa Biketrial taldeko logotipoa. Babarruna bat irudikatu dute bizikleta gainean, Tolosaren bereizgarri moduan, eta kamisetak sortu dituzte irudiarekin.
Aurrera begirako asmo zehatzik ez duten arren, orain daukatenarekin gustura daudela azaldu du Iraola entrenatzaileak; Caminos gazteak, gainera, Espainia mailako proba batean parte hartuko du: «Asko lortu dugu urte betean, eta orain urte bete ez genuen pentsatuko horrela egongo ginenik».