Frantziako Poliziak Manu Azkarate tolosarra atxilotu zuen atzo, Ziburun (Lapurdi), Euroagindu bat tarteko, ETArekin zerikusia duelakoan. Baionako auzi poliziak atzeman zuen 10:30ak aldera, eta armarik ez zuela jaso zuen Europa Press berri agentziak. Arratsaldean, berriz, Paueko Auzitegira eraman ondoren, aske utzi zuten 18:00ak aldera. Datorren astelehenean, epailearen aurrera joan beharko du berriz ere.
Atxiloketa gaitzesteko iluntzeko 20:00etarako deituta zegoen elkarretaratzea mantendu egin zuten. Tolosako Aralarrek, berriz, «salatu eta gaitzetsi» egin du atxiloketa: «Euskal Herriak behar eta nahi duen bake eta normalizazioari inolako ekarpenik ez dio egiten». Horrela beraz, Manu Azkarateren kasua ikertzeko eta aztertzeko eskatu du Tolosako Aralarrek.
Azkarate Ziburun bizi da orain dela zenbait hilabetez geroztik. 1986an 51 urteko kondena egotzi zioten, hainbat delitu leporatuta, eta urte hartan bertan kartzelaratu zuten, urtarrilaren 16an. 1992ko abenduan, berriz, baldintzapeko askatasuna lortu zuen, hesteetako gaixotasun kroniko bat zuela eta.
2004an askatasuna baliogabetu zioten, eta berriro espetxeratu zuten, Martuteneko kartzelara lagun bat bisitatzera joan zenean. Urte horretako ekainean aske utzi zuten. Espainiako Gobernuko Barne sailak azaldu du, Azkaratek bi atentatutan parte hartu zuela Bizkaian. Batetik, Portugaleten Alberto Aznar Felix teniente koronelaren aurkako erasoan parte hartu izana leporatzen diote, eta bestetik, Galdakaon Juan Enriquez Criado, Francisco Javier Fernandez de Lajusticia eta Manuel Asensio Pereda hil ziren erasoan parte hartzea.