«Horrelako musika banda batean gakoa oreka bilatzean dago»

Imanol Garcia Landa 2012ko martxoaren 7a

Enrike Arostegik (Tolosa, 1962) bere lehenengo kontzertua zuzenduko du, larunbatean, Tolosako musika bandaren zuzendari gisa. Dagoeneko, bere kargu berria estreinatu du inauterietan, helduen danborradan eta dianan banda gidatu baitzuen. Larunbateko kontzertua Uzturre asistentzia zentroan izango da, 17:00etan.

Zuzendari izan aurretik, zer jotzen zenuen musika bandan?

Saxofoia jotzen nuen. Ni berez saxofoi irakaslea naiz Tolosako musika eskolan. Goi mailako titulua dut instrumentuan, eta gero ikastaro pila bat egin ditut, bai instrumentuekin eta baita zuzendaritzakoak.

Saxofoiaz aparte, beste instrumenturik jotzen al duzu?

Gehienbat pianoa. Saxofoiaren antzekoak direnak ere jotzen ditut, eta semeak klarinetea jotzen duenez, instrumentu horrekin ere aritzen naiz.

Zuzendari lana musika eskolako irakasle bezala duzunarekin partekatzen duzu.

Bai, zuzendari lanari lanaldiaren %25a eskaini behar diot, bere garaian Luis Mari aurreko zuzendariak egiten zuen bezala.

Irakasle bezala zenbat urte daramatzazu?

22 urte pasatxo. Batez ere Tolosako musika eskolan, baina Donostiako kontserbatorioan eta beste hainbat musika eskoletan ere izan naiz irakasle .

Bandako zuzendari bezala aritu izan al zara aurretik?

Zuzendariorde bezala gutxienez banuen konpromisoa urtean behin kontzertu bat zuzentzeko.   Ohikoena musika eskolak antolatzen duen musika astearen barruan izan da, bertako irakaslea naizenez. Bestalde, Luis Marik ezin izan duenean, nik egin dut ordezkapena.

Inauterietan izan duzu estreinaldia zuzendari karguan. Nola joan zen?

Inauterien aurretik egiten dugun kontzertuan omenaldia egin genion Luis Mariri, eta orduan pasa zidan zuzendari makila. Ofizialki, lehen ekitaldiak zuzendari bezala helduen danborrada eta diana izan ziren. Ondo joan zen; ez zen izan gauza berri bat: aurretik ere noizbait zuzendu izan nuen banda ekitaldi horietako batean.

Prestaketa lan guztia berria izango da zuretzat.

Lehen, urtean behin edo zuzentzen nuenean kontzertua, denbora gehiago izaten nuen prestatzeko. Orain, hileroko kontua izango da, egitaraua pentsatzea, zerbait ezberdina bilatzea. Azkenean, errepertorioa pixka bat aldatzea ere komeni da, bandako musikariak ere gustura aritzeko lanean. Beste banda batzuetako zuzendariekin harremanetan ere jarri behar da, entseguak prestatu, partiturak ere bai...

Pentsatzen zenuen noizbait zuzendari izango zinela?

Zuzendariorde izanda, beti pentsatzen duzu aukeraren bat izango duzula. Luis Marik erretiroa hartu behar zuela jakitean, eta udalak eta batzordeak pentsatu zutenean hoberena ni jartzea zela, pixkana joan naiz mentalizatzen. Lana da, erantzukizuna du, eta ilusioarekin nago. Bandakoek beraiek nahi zuten ni izatea, animatu egin naute, badakite nire lan egiteko modua, eta nire aldeko apustua egiteak lana ilusioz egitera animatzen zaitu. Nik sumatzen dut jendea gustura dagoela, eta prest dagoela gauza berriak egiteko.

Luis Mari Gartziak egindako lanari buruz zer esango zenuke?

Lan asko egin du. Berarekin banda asko gaztetu da, musika eskolako ikasleak bandan sartuz. Gauza asko egin ditu ondo. Errepertorioa ere aldatu egin du, doinu garaikideagoak sartuz.

50 musikari inguruko taldea eramateak ere bere lana eskatuko du.

Nik hor abantaila dut, urte asko pasatu ditudalako bandan, eta jendea ezagutzen dut. Musika eskolako ikasleen jarraipena ere egin izan dut, irakasle izanik. Gutxi gorabehera badakit bakoitzak zenbateraino eman dezakeen, zenbat eskatu bakoitzari, nola motibatu... Kontuan izan behar da hau herriko banda bat dela, ez dela profesionala. Beraz, jendea ezagutzea abantaila da. Horrelako banda batean gakoa oreka bilatzean dago: bandako batzuk musikatik bizi dira, irakasle moduan adibidez, eta beste batzuk zortzi orduz lantegi batean lan egin ondoren etortzen dira. Euskal Herri mailan, banda profesionalak kenduta, Tolosakoa onenetarikoa da.

Zein da zuzendari bezala duzun erronka?

Alde batetik, musikari berriak sartzen joatea. Hurrengo denboraldirako horretan saiatuko gara. Nire aldetik, helburua da Luis Marik eman duen maila mantentzea eta ahal bada, hobetzea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!