Frantziako Poliziak Manu Azkarate tolosarra aske utzi du ordu batzuk atxilotuta eduki ostean. Datorren astelehenean epailearen aurrera joan beharko du.
Tolosarra Ziburun bizi da, eta bertan lan egiten du, bizitza publikoa eginez. Baionako auzi poliziak atxilotu du 10:30ak aldera Ziburun, Euroagindu bat tarteko, ETArekin zerikusia duelakoan. Armarik ez zuela jaso du Europa Press berri agentziak. Ondorengo orduetan Paueko Auzitegira eraman dute.
Azkarate Ziburun bizi da orain dela zenbait hilabetetatik. 1986an 51 urtera kondenatu zuten, hainbat delitu leporatuta, eta urte horretan kartzelaratu zuten, urtarrilaren 16an. 1992ko abenduan baldintzapeko askatasuna lortu zuen, gaixotasun kroniko bat zuela eta. Hesteetako gaixotasuna du.
2004an askatasuna baliogabetu zioten, eta berriro espetxeratu zuten, Martuteneko espetxera lagun bat bisitatzera joan zenean. 2004ko ekainean aske utzi zuten.
Espainiako Gobernuko Barne sailetik azaldu dute Azkaratek bi atentatutan parte hartu zuela Bizkaian. Batetik, Portugaleten Alberto Aznar Felix teniente koronelaren aurkako erasoan parte hartzea leporatzen diote, eta bestetik, Galdakaon Juan Enriquez Criado, Francisco Javier Fernandez de Lajusticia eta Manuel Asensio Pereda hil ziren erasoan parte hartzea leporatzen diote.